Antzizar kiroldegia Estandako bero soberakinez baliatuko da
Beasaingo Antzizar kiroldegia Fundiciones Estanda enpresak sortzen duen beroarekin klimatizatuko da. Udan hasiko dituzte lanak. 2025erako sistema prest egongo da.
District Heating proiektu publiko-pribatuaren garapena bertatik bertara ezagutzeko Beasainen izan da Jose Inazio Asensio Jasangarritasun Diputatua. Proiektu horri esker, Fundiciones Estanda lantegiko labeen bero hondarra baliatuko dute Antzizar kiroldegia girotzeko eta guneko ura berotzeko. Obrak, guztira, 1.062.000 euroko aurrekontuarekin esleituko dira aurten. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Jasangarritasun departamentuaren bidez, 676.500 euro bideratuko ditu eta Beasaingo Udalak jarriko ditu gainerako 385.500 euroak. Obrak udan hasiko dira eta urte amaierarako amaitzea espero dute.
Monica Pedreira Trantsizio Energetikoko Zuzendariak azaldu zuenez, proiektu hau «energia hornidura eraginkor eta berriztagarri baterako beste urrats bat da, abantailak baititu energia-kontsumoa eta emisio kutsatzaileak murrizteari dagokionez».
Sistema martxan jarrita, 348 MWh berreskuratuko dira, egungo kontsumoaren %60a aurreztuz eta 43 tona CO2 gutxiago isuriz atmosferara. Sistemak aurrez isolatutako altzairuzko 504 metro hodi izango ditu eta labeak hondakin beroa botako du astean 115 ordu. Urtean 5.290 ordu.
Asensiok adierazi zuen «proiektu aitzindaria» dela. «Gipuzkoak aurrera jarraitzen du etorkizun jasangarriago eta ingurumenarekiko errespetagarriago baterantz, klima aldaketaren aurkako borrokan eta karbono gutxiko energia ereduen sustapenean duen jarrera berretsiz». Era berean, foru arduradunak nabarmendu zuen, euren helburua «argia» dela: «ekonomia jasangarria, berdea, deskarbonizatua eta bidezkoa sustatzea». Bide horretan, «proiektu hau funtsezkoa» dela esan zuen.
Iñaki del Coso Fundiciones Estandako finantza zuzendariak nabarmendu zuen, «Estanda ingurunearen zaintzan lan egiten duen erakundea da, eta foku ekonomikoa duen arren, bere osagai soziala zaindu eta ingurumena babesteko eragile aktiboa izan nahi du». Leire Artola Beasaingo alkatea ere bertan izan zen.
Hiru fase
Proiektua hiru fasetan egingo da, elkarren osagarri direnak. Aurreikusitakoaren arabera, lehenik eta behin, barrutiko sare bat instalatuko da, Fundiciones Estandaren galdaketa labeetatik datorren bero soberakina banatzeko. Jarraian, Antzizar kiroldegian beroa sortzeko makina-gela aldatuko da. Eta azkenik, biribilgune bat eraikiko da kiroldegiaren eta enpresaren artean. Hala, Beasaingo mendebaldeko sarrera-irteera seguruagoa egin nahi da. Hiru proiektuak gauzatu ondoren, urtzeko labeen soberako beroaren aprobetxamendua erabat erabilgarri egongo da Antzizar kiroldegian.