Ekaina kulturaz gozatzeko hilabetea da Ormaiztegin
Bihar hasita uztailaren 14ra arte luzatuko da. Bertako artisauen azoka eta zirku tailerra, bihar. Erreka eguna eta Urmaizen kontzertua, larunbatean.
Urteroko hitzorduari leial, Ekain Kulturalaren edizio berri bat antolatu dute Ormaiztegin. Ostiralean abiatuko da egitaraua eta uztailaren 14ra bitarte hamaika ekintza antolatu dituzte. Kultur eta jai giroko ekintzez gain, hitzaldiak, lehiaketak edo gastronomia ekimenak osatuko dute aurtengo agenda. Denetarik, denontzat.
Asteburu betea izango da datorrena. Bihar, 16:30ean bertako artisauen 8. azoka antolatu dute gizarte etxeko zelaian. Azokan Ormaiztegi, Ezkio, Itsaso eta inguruko herrietako hainbat artisauen lanak jarriko dituzte; Cosmo artisautza, Anjel Elorza argazkilaritza, Mimogoxo edo Panpoxa pitxiak besteren artean. Leku eta ordu berean, Zirku munduko tailerrak eskainiko ditu Garingo Hazi Etxek. Euria eginez gero, Urbeltz pilotalekura lekualdatuko dute. Sei urtetik gorako edozein pertsonak izango du parte hartzeko aukera.
Guztion artean
Ekain Kulturalari hasiera ofiziala bihar emango dioten arren, hainbat ormaiztegiarrek hilabete guztia daramate Kaleko Jostunen 10. ediziorako materiala prestatzen. Eskuz ehundutako koloretako loreak egin dituzte, elkarri lotuta estalki bat osatzeko helburuarekin. Aste honetan zehar, herriko haur eta gazteen laguntza izan dute eta azken ukituak ematen aritu dira elkarrekin, arbolarian —irudietan—. Datorren asteartean, gizarte etxeko sabaian jarriko dute estalkia eta jendaurreko aurkezpena egingo dute 18:30ean.
Larunbaterako beste bi ekitaldi daude aurreikusita, Erreka Eguna goizean eta Urmaiz abesbatzaren emanaldia arratsaldean. Herriko erreken garbiketa auzolanean egiteko eguna izango da biharkoa. Udaletxe aurrean egin dute hitzordua 10:30ean. Uretarako egokiak diren jantzi eta oinetakoak eramatea gomendatu dute; eskularruak eta bilketarako beharrezko materiala udalak jarriko ditu. Amaitzeko hamaiketakoa izango da parte hartu duten guztientzat.
Urmaiz abesbatzaren kontzertua 19:30ean izango da San Andres elizan, Javier Alberdiren zuzendaritzapean. Kantaka abesbatza ere gonbidatu dute biharko emanaldira. Estibaliz Sanchez sopranoak, Javier Alberdi tenoreak eta Alberto Saez Puente piano jotzaileak osatuko dute kartela. Igandean, Clara Gutierrez biologo eta etnobiologoak ukenduak egiten ikasteko saioa eskainiko du Bardularriak elkartean; 10:00etatik 13:00etara.
Astelehenean, Anjel Erroren Poema liburu bat irakurtzeko jarraibideak liburuaren inguruko solasaldia egingo du irakurle taldeak Miriam Lukiren gidaritzapean, 18:00etan liburutegian. Erro berak parte hartuko du tertulian.
Ikusi hemen egitarau osorik. Ekain Kulturala