Ibon Minerrek irabazi du Goierriko bola txapelketa, Seguran
Euskadiko toka txapelduna Calvo urretxuarra da. Itoitz Alustizak Gipuzkoako txapela jantzi du, bolan. Sasoiko azken titulua Euskadiko txapelketa dute bolariek, 15ean.
Goierriko 34. Bola Txapelketa larunbatean amaitu zen, Segurako Txoritegi bolatokian zazpigarren eta azken jardunaldia jokatuta. Nahiko garbi zegoen txapela Ibon Miner ereñotzuarrarentzat izango zela, alde handiarekin iritsi baitzen finalera. Ez zuen joko borobila osatu, baina txapela janzteko nahikoa bai (311).
Josu Lazkano donostiarra geratu da bigarren (296), eta Patxi Arrondo zeraindarra hirugarren (289), lehen goierritarra. Itoitz Alustiza (280), Ramon Iglesias (280), Egoitz Berasategi (279) eta Joxean Ormazabal (272) geratu dira sarituen postuetan, saioak jokatu diren zazpi herrietako bakoitzak emanak.
Emakumeetan, Olatz Larrañaga izan da irabazlea (237), Aitziber Makatzaga zeraindarraren aurretik (228). Gazteen saria Saigots Iglesiasek jaso du (268). Bolatea bukatu ondoren, lagunarteko bazkaria egin zuten, Segurako Izkiña jatetxean.
Jose Antonio Calvo, tokan
Igandean, Altzan (Donostia), Euskadiko Toka Txapelketa jokatu zen. Jose Antonio Calvo urretxuarrak irabazi du (18), eta bigarren Ino Ugarteburu ezkiotarra (15) geratu da. Antonio Amundarainek osatu du podiuma (14). Lehengo astean, azkenik, Lasarten jokatutako Gipuzkoako Bola Txapelketan Itoitz Alustiza zeraindarra atera zen txapeldun, buruz burukoa Josu Lasari irabazita. Nekane Etxeberria da nesketan txapeldun.
Bolari Onenaren sailkapena, berriz, Jokin Izagirre segurarrak irabazi du. Sasoiko saio guztiak batzen dira sailkapen honetarako. Euskadiko Bola Txapelketa ebaztea geratzen da. Ekainaren 15ean, Luiaondon (Araba). Sei bolari goierritar daude sailkatuta.