Landare salmenta ez da gelditzen
Giro onak lagunduta, erosle ilara handiak sortu dira berriz ere plazako hiru postuetan. Lore salmentan ere nabari da mugimendua.
Eguraldiak tregoa ematen badu asteazkenean, feria jendetsua izaten da Ordizian garai honetan, landareak erostera asko eta asko joaten direlako. Hala gertatu da gaur goizean, eta ilara ederrak ikusi dira berriz ere Plaza Nagusiaren barruko hiru salmenta postuetan.
Ibarrako Iguategi etxeko Dimitrik ez du ia denborarik izan burua altxatzeko goiz osoan zehar, baina tarte bat hartu du esateko eguraldiak markatzen duela dena haien salmentetan, «maiatza hasieran ez dugu ezer saldu, euria besterik ez duelako egin, baina azken bi asteetan eguzkia ikusi dugu, eta erosleak bata bestearen atzetik izan ditugu landare eske. Gainera, egutegia ere aurrera doa, eta horrekin baita landatzeko garaia ere».
Perretxikoak eta loreak
Perretxikoen eskaintzan ere badu eragina eguraldiak, eta guar Ordizian ikusitako kopuruei erreparatu besterik ez dago hori baieztatzeko. Mikel Lasa, Garbiñe Barandiaran eta Felix Barcinaren postuetan, 350 kilo ziza eskaini dituzte guztira, eta kiloa 10 eta 40 euro arteko prezioan saldu dute. Gainera, 100 kilo onddo (18-33 euro), 23 kilo ziza hori (15-24 euro) eta 10 kilo gorringo (34 euro) ere eskaini dituzte.
Loreen salmentan ere nabaritzen da eguraldi ona. Iñaki Azanzak eta Maria Dolores Mendizabalek kolorez beteta dituzte postuak, eta geranioek oraindik leku asko hartzen badute ere, beste lore batzuei lekua uzten diete astetik astera. Gaur bertan, dalieta iritsi da Azanzaren postura; 4,5 euroan jarri du salgai. Duela gutxi iritsitakoak dira, baita ere, kalibratxoa (6,5 euro), gervera (7,5 euro), petunia (1,5 euro), alegria arrunta (1,5 euro) eta tajetea (1,5 euro).
Lore moztuetan, hortentsia ere iritsi da feriara; Jaione Irazustak izan du salgai sortatan banatuta, 4 euroan. Zurutuza ahizpek, berriz, kalendula izan dute salgai, sorta 5 euroan.
Eta bisitek ere nahiago izaten dute feriako bira eguzkipean eta tenperatura epelekin egin. Mendexako (Bizkaia) jubilatu talde bat eta Antzuolako Herri Ikastetxeko ikasleak ibil dira goizean zehar plazan posturik postu eta Ordiziako erdigunean, D´Elikatuz zentroko gidarien esanetara.
Gatzagi naturala
Denboraldia amaitzen ari den produktu berezi bat ere aipatu behar da, gatzagi naturala, hori ere salgai izaten delako ferian. Udaberria aurrera doan honetan, ardi esnea amaitzen ari da, eta horrekin baita mamia egiteko garaia ere. Hala ere, orain erosita, hilabete askotxo iraun dezake gatzagi naturalak izoztuta, inor animatzen bada. Lehen bezala, 20 gramoko pisua duten bolak eginda saltzen dute, 1,50 euroan. Kontuan izan behar da 10 litro esne mamitzeko 3 gramo gatzagi nahikoa direla.