Mikel Mujika, Marokoko Tourrean
Portugalgo Obidos Cycling Team taldearekin egingo du denboraldia Legazpiko txirrindulariak, profesional mailan. Bigarren urtea du Portugalen.
Marokon dago Mikel Mujika txirrindulari legazpiarra. Obidos Cycling Team talde portugaldarrarekin Afrikako herrialde horretako txirrindulari itzulia egitera joana da, gainerako taldekideekin. Tour de Maroc maiatzaren 31n hasi eta ekainaren 9an amaituko da. Hamar eguneko proba izango da, atsedenik gabekoa.
Mujikarentzat bigarren urtea da profesional mailan, eta bigarren urtea da Portugalgo talde batekin aritzen dena. UCI Continental mailako Bai Sicasal Petro de Luanda taldean stagiare gisa hilabete batzuk egin eta gero, iaz egin zuen saltoa profesionaletara talde berarekin. Angolan du egoitza talde horrek, baina Portugalen lehiatzen da batez ere, eta, besteak beste, Arrabidako Klasikoan, Alentejoko biran eta Portugalgo biran parte hartu zuen legazpiarrak. Aurten, ere Portugalen egingo du denboraldia, baina Obidos Cycling team taldearekin.
Portugalen bi urte
Marokoko itzulia «guretzako ez da oso ezaguna» dio Mujikak, baina UCI Africa Tourren barruan dago, 2.2 kategorian, eta «esperientzia hau bizitzeko gogoarekin» dago. Ez da lehen aldia Afrikan lehiatzen dena, Sicasalekin Angolan ere izan zelako 2022 amaieran GP Centenario-Pepino Memoriala egiten, eta haren etapa bat ere irabazi zuen. «Hainbat proba egin nituen talde harekin, baina hau UCIn sartuta dago, eta serioagoa da». Taldea ere, «handiagoa da, azpiegitura hobeagoekin du, egutegi hobea du…».
Mujika «gustura» dago Portugalen. Martxoan Arrabidako Klasikoa egin zuen, eta ondo ibili zen, lehenengo taldean sartuta. Ondoren Alentejoko itzulia etorri zen, baina lehen egunean erori eta kolpe handia hartuta, ezin izan zion buelta eman, eta azkeneko etapan erretiratu zen. «Pena handiarekin geratu nintzen, denboraldiko helburu handia zelako itzuli hura». Orain Marokoko itzulian zentratuko da, «uste dut indartsu nagoela, eta ea disfrutatzeko eta lehiatzeko gai naizen». Hamar eguneko proba izanda, «aukera asko» izango omen ditu. «Errepideak ez dakit nolakoak diren, baina mendateak badaude». Helburuak argi ditu: «sailkapen orokorrean sartzea, eta etaparen bat irabaztea».
«Hainbat proba egin nituen Sicasalekin, baina hau UCIn sartuta dago, eta serioagoa da»
«Pila bat eskertzen dut kalean galdezka etortzen zaizkidanean, edo animoak ematera hurbiltzen direnean»
Mikel Mujika. Txirrindularia
Ondoren, Portugalera itzuli eta baditu gutxienez bi lasterketa gehiago egiteko: Anicolor Saria ekainaren 14tik 16ra, eta nazioarteko Torres Vedras uztailaren 7an. Irailean amaituko da denboraldia, eta ordura arte izango ditu proba gehiago.
Legazpi eta Portugal
Hango taldean ibiltzea «ez da erraza», Legazpi eta Portugal artean bizi delako Mujika. Martxoan hilabete osoa egin zuen han, eta «luze egiten da», nahiz eta taldekideekin ondo konpontzen den. Bera bezala, atzerritar gehiago ere badira, errusiar bat eta ingeles bat, «errusiarrak ez du ia ingelesez hitz egiten, eta komunikatzeko komeriatan ibiltzen gara». Orain, hilabete bat egin du etxean, eta «eskertzen da».
Profesionaletako bigarren urtean, lana utzita dago. Iazko abendura arte Altsasuko Aldaki enpresan lan egin zuen, eta probetara joateko jai egunak pilatzen zituen. Baina aurten egutegi zabalagoa du, eta ezin zuen lana eta txirrindularitza uztartu, eta lana uztea erabaki zuen, «apustu hori egin dut». Erabat profesional bihurtuta dago.
Horixe zen bere helburua, «baina modu batean bakarrik» bete duela dio, nahiago zuelako maila handiagoko talde batean ibili, «Euskaltelen adibidez».
Talde apalagoan ere, Mujikak jarraitzaile ugari ditu. «Pila bat eskertzen dut kalean galdezka etortzen zaizkidanean, edo animoak ematera hurbiltzen direnean». Familia ere ez du ahazteko, «iaz Portugalgo itzuli osoa egin zuten, errepidean egon ziren animatzen». Marokora ez dira joango, eta ez du uste inguruko inor joango denik, «baina baten bat handik badabil eta itzulia gertu pasatzen bazaio, joan dadila ikustera, ni han izango naiz».