50 urte eta hamaika erronka
Ordiziako Urdaneta eskola publikoa 50. urteurrena ospatzen ari da aurten. 1974. urtetik egindako bidea errepasatu dute Mari Jose Urkiola eta Mari Jose Arruabarrena irakasle ohiek, eta Maialen Madariagak eta Naiara Azkonak gaur egungo irakasleek. Garapena handia izan dela bat egiten dute denek. Aniztasuna eta euskara oinarri duen proiektuan murgilduta dabiltza gaur egun buru-belarri.
Berde eta urdin. Aniztasuna eta euskara oinarri. Hitz horiekin laburbildu daiteke Urdaneta Euskal Eskola Publikoaren muina. Ehunka ordiziar, ehunka goierritar, eta, oro har, munduko hainbat lekutako haurrak bildu ditu Urdanetak ibilbide oparo honetan. 1973-74 ikasturtean zabaldu zituen ateak eskola publikoak Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleekin, eta gazteleraz ematen zituzten eskolak hasiera batean.
Zortzi urte geroago, guraso talde baten laguntzari esker, B eredua -ikasgaiak euskaraz zein espainieraz, neurri berean ematea- ezarri zuten. Urte gutxi egin zituen ordea eredu horrek indarrean, 1985-86 ikasturtean D eredua ezarri baitzuten; euskara hutsean irakastea, alegia.
Mari Jose Urkiolak (Salbatore, Beasain, 1956) duela zortzi urte hartu zuen erretiroa urte mordoa Urdanetan egin ondoren. Konkurtsatu zuen garaian bere gustuko metodologia zuten eskolen bila hasi zen, eta han egin zuen topo Urdaneta Euskal Eskola Publikoarekin. «Ni eskola honetara iritsi nintzenean erabaki garrantzitsua dagoeneko hartuta zegoen», dio Urkiolak. Izan ere, Urdanetan D eredua sartu ondoren iritsi zen eskolara. Hala ere segituan nabaritu zuen aldaketa bat iristear zela. Eskola potente gisa gogoratzen du irakasleak ikastetxea, eta, «zalantzarik gabe», dio pedagogia arlotik indar eta gogo handia nabaritzen zituen.
«Ni eskola honetara iritsi nintzenean erabaki garrantzitsua dagoeneko hartuta zegoen»
Mari Jose Urkola. Irakasle jubilatua
Mari Jose Arruabarrena (Ordizia, 1960) ere inflexio puntu batean iritsi zen Urdanetara, beste herrialde batzuetako familien haurrak eskolara iristen ari ziren unean, alegia. D eredua ezarri zenean erabaki zuen bere alaba Urdanetan matrikulatzea, eta erabaki hori hartzea guraso askorentzat apustu handia egitea izan zela dio, baina eskola publikoaren aldekoa izanik, argi izan zuela zein erabaki hartu. Denborak aurrera egin ahala ikusi du Arruabarrenak beste herrialde batzuetako familiek nahi duten gauza bakarra kohesio bat egitea dela, seme-alabak ondo sentitzea, funtsean. «Gure ardatza euskara den bezala, hizkuntza ugari horiek asumitu egin ditugu, eta gure lana izan da familia horiek guztiak ondo sentiaraztea», gehitu du.
Maialen Madariaga (Antzuola, Gipuzkoa 1983) da mahai ingurua osatzen duen hirugarren emakumea, Urdanetako irakaslea bera ere. Madariagak hitza hartu, eta euskaraz gain beste 31 hizkuntza ezberdin dituztela eskolan hasi da esaten, eta horrek erronka handia suposatzen duela erantsi du. Hala ere argi dauka Madariagak grina daukatela lanean jarraitzeko, eta gogo horrek indarra ematen diela.
Madariaga irakasle izateaz gain ama ere bada, eta herrian euskal hiztun gutxi daudela ikusita, euskal eskola publikoaren alde egin duen beste familia baten parte bihurtu da. «Euskal hiztun gutxi egoteak eskolan egindako lan guztia ez ikustea eragiten du. Kalean ez dute haur askok euskara erabiltzen, baina horrek ez du esan nahi eskolan ez denik lanketarik egiten, jasotzen duten maila izugarria baita. Asko sufritu dugu, eta oso mingarria izan da. Herrian ez da islatu eskolan egin dugun ezta egiten ari garen lana ere», azpimarratu nahi izan du nolabaiteko tristura erakutsiz.
«Gure ardatza euskara den bezala, hizkuntza ugari horiek asumitu egin ditugu, eta gure lana izan da familia horiek guztiak ondo sentiaraztea»
Mari Jose Arruabarrena. Irakasle jubilatua
Naiara Azkona (Beasain, 1979) ere irakaslea da gaur egun Urdanetan, eta bi rol gorpuztu ditu Ordiziako eskola publikoan: ama rola batetik, eta irakaslearena bestetik. Plaza eman ziotenean Urdaneta aukeratu zuen errealitatea aldatzen ari zela jakitun izanik. Azken urteetan Ordizian aldaketa izugarria eman dela dio herri zein eskola mailan, eta bere ustez eskola honek bere gain hartu du herrian zegoen errealitate bat.
Gaur egun Urdanetako gelak lau txokotan daude banatuta, eta txoko bakoitzean taldeak egiten dituzte, adinak nahastuz. Txoko bakoitzean lan bat egiten dute era autonomoan, eta irakaslea laguntza eskaintzen joaten da, baina beraien artean laguntzen dira. «Sistema honetan denek egin behar dute bat, eta elkar eragiten dira”, dio Azkonak. Urkiolak ere ildo beretik jarraitu du: «Bizitzeko behar diren tresna guztiak lantzeko aukera daukate Amara Berri Sisteman; laguntza eskatu, laguntza eskaini, adostasunera iritsi…».
Egunak joan eta egunak etorri, eztabaida handiak izan zituzten garaiko Urdanetako irakasle taldeak, baina 1993-94 ikasturtean ezarri zen Amara Berri Sistema Haur Hezkuntzan; 1994-95ean Lehenengo Zikloan; 1995-96an Bigarren Zikloan, eta 1996-97an Hirugarren Zikloan.
Koherentzia handia duen sistema gisa deskribatu dute Amara Berri Sistema hitzorduan. Haur Hezkuntzan hasi eta Lehen Hezkuntzan jarraitzen du. Haur Hezkuntzan jolasa dute ardatz, eta denbora tarte horretan testuinguru batzuk lantzen dituzte. Gero, hain zuzen, testuinguru izan diren horiek departamentu bihurtzen dira, eta azkenik hirugarren ziklora egiten dute jauzi horiek. Hirugarren ziklokoak prentsaz arduratzen dira, eta jasotzen duten hori kudeatu eta kanporatzen dute etxeetara bidaliz zein eskolako webgunean zabalduz.
«Euskal Herria maite badugu haur horiek gureganatu behar ditugu, eta ez aldendu. Euskal Herriarekiko atxikimendua eduki behar dugu, eta bertakotu»
Naiara Azkona. Urdaneta eskola publikoko irakaslea
Aipatutako departamentu horiek hilabetean behin aldatzen dituzte, eta irakasleak denbora tarte horretan haurra behatzen du. Umea non hasi den eta non amaitu duen begiratzen dute, haren heldutasun non dagoen, zer egiteko gain den… Baina Urdanetako irakasleek sinesten dute hori ezin dela kontrol batekin zehaztu.
Madariagak haien lana irakasleena izateaz gain, besteak beste, erizainena eta psikologoena ere badela dio. Bi urteko gelara alfabetatu gabeko familia asko iristen dira, eta irakasleek emandako ohar eta azalpenak ez dituzte ulertzen. Ia 600 ikasle biltzen ditu Urdanetak, eta nahiz eta jatorri ezberdinetako gurasok izan, argi daukate beraien seme-alabak hemen jaiotakoak direla, eta argi daukate eskola dela zubia. Ikuspegi horrek, beraz, konfiantzazko giro bat sortzen dutela diote irakasleek.
Gauzak horrela, haurren ongizate emozionala bilatu behar dutela dio Madariagak, baina argi dauka haurra ondo egoteko lehenbizi etxeak egon behar duela ondo. «Haur horiek dira gure etorkizuna, eta ezinbestekoa da ondo heztea eta herrian ondo integratzea. Herri bat gara, eta denon artean lagundu behar gara», jarraitu du.
«Haur horiek dira gure etorkizuna, eta ezinbestekoa da ondo heztea eta herrian ondo integratzea»
Maialen Madariaga. Urdaneta eskola publikoko irakaslea
Urteen poderioz Urdaneta ikastetxea aldatzen joan den moduan, gaur egungo Ordiziako plazan eta duela hamar urteko plazan aldaketa nabari bat sumatu dute Urdanetako bilera gela batean elkartuta dauden lau irakasle eta irakasle ohiek. Gaur egun plazan ume mordoa ikusten dira, eta hori lotsa kentzearen ondorio izan dela argi daukate. Hori izan da, hain zuzen, herrian gainditu behar izan duten erronka nagusietako bat Azkonaren ustez: ez ezkutatzea. «Haurrak ordiziarrak dira, eta ez dira ezkutatu behar».
Madariagak ordea beste erronka bat mahai gaineratu nahi izan du: seigarren mailako ikasleei nongotarrak diren galdetzean «euskaldunak, ordiziarrak» direla erantzutea. Haurrek bere identitatea nortasuna garbi izatea da helburuetako bat, eta argi izatea hemengoak direla.
Elkarbizitza helburu
Laguntzea ere funtsezko ekimena da Azkonaren ustez: «Atzerritarren haurrak euskaldunak dira, eta guk laguntza euskaldun hori izan behar dugu».
Etorkizuneko Ordizia irudikatzea izan da hurrengo pausoa, eta bat egin dute erantzunekin. Elkarbizitza bat ikusi nahi dute non denentzat dagoen lekua eta inor ez den beste inor baino gehiago ezta gutxiago ere. Aurreiritziak kentzeko borroka egin nahi dute. Duela urte batzuetako egoera berdinaren aurrean aurkitzen dela Ordizia diote, baina globalizazioaren ondorioz, jatorria aldatuta.
Euskal Eskola Publikoaren jaialdiaren ondoren ere berdin jarraitzea da asmoa. Ikasturte osoan zehar negar, barre eta denetatik egin du irakasle taldeak, baina argi daukate festa hori bultzada handia izango dela haien bidean jarraitzeko. Urdanetaren 50 urteko bazkarian Madariagarengana ezagutzen ez zuen gazte talde bat gerturatu eta inoiz haurrak izaten badituzte Urdanetan matrikulatuko dituztela esan zioten. «Horretan sinesten dutelako gertatu zen hori, eta horrek erakusten du nolabait herrian ari dela jasotzen egiten dugun lan guzti hori», dio.
Hala ere laguntzarako deia ere egin dute. Arruabarrena: «Publikotasuna eta euskara ondo lantzen dira, edo etorkizunean ez da lortuko nahi dugun Ordizia hori. Etorkizuneko Ordizia horrek komunitate guztia bildu behar du».
Elkarrizketaren amaieran ondo laburbildu du Azkonak lauren sentimendua: «Euskal Herria maite badugu haur horiek gureganatu behar ditugu, eta ez aldendu. Euskal Herriarekiko atxikimendua eduki behar dugu, eta bertakotu. Inork gure seme alabek non amaitu behar duten, eta kanpoan bukatzen badute ere leku horretan ondo artatua izatea nahi genuke. Pentsamendu horrekin jokatu behar dugu»