Biharamunean ere, ikasten segi
Euskal Eskola Publikoaren Jaiak utziko duen ondareetako bat ‘Munduketariak’ unitate didaktikoa izango da. Izen bereko liburua baliatuta, «funtsezko» konpetentziak lantzeko gida ondu dute.
Igandean izango da Euskal Eskola Publikoaren Jaia, baina astelehenean ere izango du eragina. Festaren oinordekotzatako bat Munduketariak unitate didaktikoa izango da. Hau da, Munduketariak eskola publikoaren 31. festaren testuinguruan Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak eta Jokin Mitxelena marrazkilariak sortutako lana da, EHIGE Euskal Herriko Ikasle Gurasoen Elkarteak eta Ordiziako Euskal Eskola Publikoko komunitateak bultzatuta; liburua ardatz hartuta, ipuina oinarrian duen unitate didaktiko bat ere sortu dute etorkizunerako. «Publikotasuna, euskalduntzea, aniztasuna eta inklusioa» ditu ardatz, egileek kontatu dutenez.
Helburuak, zehazki, lau dira: «Aniztasuna, hezkidetza eta inklusioa balio positibo moduan indartzea; Euskara denok batzen gaituen hizkuntza gisa ikusi araztea; Euskal Herrian elkar bizi diren hizkuntzak balioan jartzea; eta, Euskal Eskola Publikoko Komunitatea sendotzea». «Ikas egoera honetan, ipuineko gertaerak eta ikasgeletako errealitatea dira abiapuntu. Horretarako, Publikotasuna, euskalduntzea, aniztasuna eta inklusioa landu, hausnartu eta balioan jarriko dugu», gaineratu dute.
Eta nola lortu hori? Bada, ia hogei zeregin diseinatu dituzte, lau atazatan sailkatuta. Zereginak soltean egiteko ere diseinatu dira, ikastetxe edo irakasle bakoitzak nahi duen bezala antolatu edo egokienak ikusten dituenak burutzeko. Halaber, ataza eta zeregin guztiak modu inklusibo batean antolatu dira, ikasle guztiek egin ahal izateko.
«Publikotasuna, euskalduntzea, aniztasuna eta inklusioa landu, hausnartu eta balioa emango diogu»
Unitate didaktikoa 4., 5. eta 6. mailako ikasleengan pentsatuz diseinatu dute. Izan ere, Munduketariak liburua adin horretako irakurleei zuzenduta dago. «Hala ere, 2. eta 3. Zikloko ikasleentzat diseinaturik egon arren, beste adin taldekoek ere egin ahalko dituzte bertan proposatzen diren zereginak. Horretarako, irakasleak maila bakoitzaren arabera zereginak aukeratu eta antolatu beharko ditu», zehaztu dute.
Unitate didaktikoari esker «funtsezko» konpetentziak landuko direla esan dute. Hala nola, Hizkuntza komunikaziorako konpetentzia, Eleaniztasunerakoa, Matematikarakoak eta Zientzia, Teknologia eta Ingeniaritzarakoak, Konpetentzia Digitalak, garapen pertsonala eta soziala, Herritartasunerako Konpetentzia, Ekintzailetzarako Konpetentzia eta Kontzientzia eta adierazpide kulturaletarako konpetentziak.
Liburua
Gelazkina hegazkina da Munduketariak liburuko lotura. Horren bidez, protagonista bakoitzak haurrak munduko lurralde ezberdinetara eramango ditu, eta hor sortuko da kontua. Espiritu «inkonformista» du liburuak idazlearen hitzetan, eta aldi berean, «harresien espirituaren kontra itzulpenaren espiritua» aldarrikatzen du. «Bilatzen du beste era bateko Ordizia bat eta hortik aurrera beste era bateko errealitate bat».
Idazlea Urdaneta eskolan izan zen irakasle eta gurasoekin lana ontzeko, eta haren esanetan, «esperientzia ederra» izan da idazte-prozesua. Salgai dago liburu dendetan.