Korpus eguna ospatuko dute larunbatean Legorretan
Krosa egingo dute goizean. Ordizian ostiralean ospatuko dute eta Seguran larunbatean.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/05/legorretako_43__herri_kros-1-1200x800.jpg)
Larunbata, festa egun handia izango da legorretarrentzat: Korpus eguna. Korrika hasiko dute eguna, haurren (10:30) eta helduen (11:30) krosa izango baitituzte eguneko lehen ekitaldiak. Helduen krosa 44.a izango da, 7,5 kilometroko ibilbidea duena. 16 urte beteta dituztenek har dezakete parte. Izena ematea: kirolprobak.com webgunean. Egunean bertan ere, lasterketa hasi baino ordubete lehenago udaletxean ere izena emateko aukera egongo da. Dohainik da. Lehenengo hiru emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat izango dira garaikurrak; eta lehenengo herritarrarentzat ere bai. Loteak oparituko dituzte parte hartzaile guztien artean eta hamaiketakoa ere izango dute. Krosa dela eta GI-2131 errepidea itxita egongo da 11:30etik 12:30era.
Usadiozko meriendak
Arratsalde-iluntze partean, jan-edanerako ekitaldiak antolatu dituzte. Udalak ardoa eskainiko du eta 19.30ean, usadiozko meriendak izango dira plazan. Udalak herritarren eskura jarriko du afari-meriendarako mahaiak eta aulkiak; gaur da eskaera egiteko azkeneko eguna. Eskatutakoa aurreko egunean jaso beharko da (20:00-21:00) udalaren biltegian. Mahai bakoitzeko bost euro ordaindu beharko da, eta euro bat aulkiko. Ordainketa materiala batzerakoan egingo da.
Egitaraua:
- 10:30. Haurren krosa.
- 11:30. 44. Helduen krosa.
- Ondoren. Sari banaketa.
- 18:00. Ardo dastatze txapelketa.
- 18:30. Zahagi ardoa.
- 19:30. Usadiozko meriendak plazan.
- Ondoren. Joselontxos txaranga
Seguran eta Ordizian
Seguran ere ospatuko dute Korpus eguna, etzi: 18:00etan buruhandiak eta erraldoiak eta 21:00etan herri afaria. Ordizian gaur, berriz, Beti Argi bandak Corpus eguneko kontzertua egingo du, 20:00etan, Plaza Nagusian.