«Merezi dugu ospatzea egiten ari garen lan ederra»
Ordiziako Euskal Eskola Publikoko komunitateko kideak, EHIGErekin, buru belarri aritu dira ikasturte osoan igandean ospatuko den jaia antolatzen eta komunitatea saretzen eta aktibatzen. Euskal Eskola Publikoak inklusioan, aniztasunean eta euskalduntzean egiten duen lana aldarrikatuko dute.
Zer moduz doa antolaketa? Dena prest?
Ekainaren 2a bertan dugu, baina guretzat festa aspaldi hasi zen! Ikasturte osoa daramagu gure agendak ekintza eta topaketez betetzen, etengabeko antolaketa lanetan gabiltzala iruditzen zaigu! Egia da Ordiziako hezkuntza publikoko kideontzat gakoa dela komunitatearen ahalduntzea, aktibazioa eta inplikazioa. Urteotan egiten ari garen lan guztiak eta aurtengo ikasturtean aurrera eraman ditugun ekimen eta proiektuek parte-hartze handia eskatu dute, eta komunitatea are gehiago aktibatzea eskatu du. Esango nuke Ordiziako hezkuntza komunitatearentzat ikasgai eta mugarri garrantzitsua izan dela aurtengoa. Lehendik ere bagenuen esperientzia jai jendetsuak eta 800 lagunentzako otorduak prestatzen, komunitatea saretzeko estrategiak bilatzen edota proiektu berritzaileak bultzatzen; baina aurtengoa horren guztiaren ginga izaten ari da.
Eskola publiko euskalduna, kalitatezkoa, inklusiboa, ekitatiboa, demokratikoa, laikoa, berritzailea eta solidarioa defendatzen du EHIGEk. Zein dira oztopo nagusiak hori garatzeko?
Hezkuntza publikoa ez da gobernuarentzat lehentasuna, hezkuntza legeak berak argi utzi duen moduan. Eskola Publikoa hezkuntza sistemaren ardatz izan dadin lan egin behar dugu; publikotasuna, inklusioa, aniztasuna, ekitatea, ikasle guztien euskalduntzea bermatzen dituena da. Gobernu eta udal arduradunei erantzukizun hau eskatu behar diegu. Eta bestalde, Eskola Publiko bakoitzeko komunitateak (irakasle, hezitzaile, langile, ikasle, familiak) ahaldundu behar ditugu. Ahaldundu eta saretu. Gobernuei eskatu behar diegu eskola publikoa indartzeko, baina ezin dugu beraien zain egon. Ditugun egiturak, baliabideak eta komunitatea aprobetxatu behar dugu guk ere gure lana egiteko. Oso jendarte konplexua dugu jada eta are konplexuagoa izango da aurrerantzean, anitza, egoera sozial gero eta konplexuagoak, sozializazio beharrak, euskalduntze erronkak, teknologia berriak eta digitalizazioa…
Zein da egoera Ordizian?
Urteak daramatzagu Ordizian bizi dugun errealitate gordina azaleratu, konponbideak eskatu eta bilatzen. Ordiziako herritarren bostetik batek jatorria atzerrian du, eta familia hauetako haurren proportzioa nabarmen handiagoa da. Haurrik txikienen artean, bostetik biren familiek atzerrian dute jatorria eta herriko bi ikastetxeen artean oso modu desorekatuan banatuta daude.
Dena den, desorekei buruz hitz egitean ezin dugu alde batera utzi desorekak erpin gehiago dituela; jatorri aniztasunaz gain, euskararen ezagutzan eta maila sozioekonomikoan ere ikaragarrizko desorekak ditugu. Horrek guztiak herriko elkarbizitzan, aniztasunaren kudeaketa aberasgarrian, ekitatean, justizia sozialarengan eta euskalduntzean zuzeneko inplikazioa du, ez da soilik eskola publikoari eragiten dion zerbait.
«Urteak daramatzagu Ordizian bizi dugun errealitate gordina azaleratu, konponbideak eskatzen eta bilatzen»
Ezinbestean herri mailako soluzioak bilatu behar ditugu. Azken urteotan behin eta berriro errepikatu dugun moduan, gobernuei dagokien erantzukizunak eskatzen dizkiogu. Administrazio publikoak Euskal Eskola Publikoaren aldeko apustua egin beharko luke, kalitatezko zerbitzu publikoak ziurtatu eta herri mailako erronkari modu ausart eta eraginkorrean erantzunez.
Dena den, aldarrikapenak egiteaz gain, Euskal Eskola Publikoak aniztasunean, inklusioan eta euskalduntzean egiten duen lana aldarrikatu nahi dugu. Horregatik bilatu genuen lelo hori (publikoa aI do!), horregatik oinarritu dugu gure urtebeteko agenda hiru ardatzak indartzera.
Ordiziako Euskal Eskola Publikoko komunitateak, Urdanetarrak Guraso Elkartetik hasita, lanketa ezberdinak egin ditu urteotan.
Urdanetarrak guraso elkarteak urteotan egindako lanak hainbat ildo izan ditu, bost ardatz nagusietan banatzen ditugunak.
Lehenik eta behin, garrantzia handia ematen diogu komunitate osoa saretzeko komunikazioari, familia sarea izeneko proiektuarekin. Saretze honetan gakoa da euskarari lehentasuna ematea, eta horregatik itzulpen tresnak erabiltzearen aldeko apustua egin dugu.
Beste alde batetik, gure txikiek naturarekin kontaktu zuzena izateko bideak ere landu ditugu, Baso Eskola proiektua martxan jarriz, baita ere Haur Hezkuntzako jolaslekuaren eraberritzea bultzatuz. Azken urteotan burujabetza teknologikoari buruzko hausnarketa ere martxan jarri dugu, eta pantailen erabilera egokia egiteko pausoak ematen hasi gara, familiekin lanketa ezberdinak aurrera eramanez. Nola ez, desoreken aurkako borrokak, aldarrikapenak eta lanketak ezinbesteko protagonismoa du gurean, eta herriko eragile ezberdinekin egungo desorekei aurre egiteko lanketak bultzatzen ari gara.
Elikadura osasungarria ere landu duzue. Festan islatuko da?
Azkenik, eta hau bereziki azpimarratu nahi genukeena, elikadura osasungarriak bultzatzeko ardatza da. Guraso elkartearen ekimenez eta eskolaren inplikazioari esker, gaur egun HH 2-tik LH 6-ra bitarteko ikasle guztiek hamaiketako osasuntsua izaten dute, egunero-egunero. Hain zuzen ere, ekainaren 2an jasotako etekinak proiektu hau finantzatzera bideratu nahi ditugu, gure eskolako ardatzetako bat bihurtu dena. Horretarako Biziola kooperatibaren eta Kroketxea-ren elkarlana eskertu nahi genuke.
«Euskal Eskola Publikoak aniztasunean, inklusioan eta euskalduntzean egiten duen lana aldarrikatu nahi dugu»
Beraz, gonbidapen zuzena guztiontzat: utzi etxean janaria, eta etorri elkarlanean prestatutako jatordu ederrez gozatzera!
Jende asko espero duzue asteburuan?
Egitaraua prestatzerako orduan ahalik eta programa aberatsena osatzen ahalegindu gara, asteburu osoko plana proposatuta. Kontzertuez gain, pailazoak, antzerkia, herriko dantza taldeen ikuskizuna, herriko erraldoiak, kirolak…herriko eragileak parte aktibo bihurtu ditugu, eta uste dut horrek are aberasgarri eta erakargarriago egingo duela hitzordua.
Dena den, zaila da jakitea zenbat jende etorriko den. Dakiguna da, datozenek festaz gozatuko dutela. Gainera, egunerokotasunean publikotasunaren alde ari garen guztiok merezi dugu festa egun bat, merezi dugu ospatzea egiten ari garen lan ederra.