Publikotasunaren, euskararen eta aniztasunaren alde batuta
Ordizia Euskal Eskola Publikoko kideen topaleku izango da. 1994tik antolatzen da. Igandean 31. aldia ospatuko da. Ahalduntzeko eta egindako lana aitortzeko eguna ere izango da.
Euskal Eskola Publikoko komunitateak Ordizian izango du hitzordua igandean. 1994. urtetik ospatzen den Euskal Eskola Publikoaren Jaia Goierrira, Ordiziara iritsiko da etzidamu, haren 31. edizioan, Urdaneta-Oianguren ikastetxe publikoen eskutik. Ekaineko lehen igandean izaten da beti jaia. Ordiziako Euskal Eskola Publikoko komunitateak Mungiakoaren lekukoa hartu zuen iaz, eta ikasturte osoa daramate lanean, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteen Konfederazioarekin batera. Hiru ardatz nagusitan oinarritu dute festa zein horren bueltako ekimenak: publikotasuna, aniztasuna eta inklusioa eta euskara.
Abenduan aurkeztu zuten Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaia. Publikoa aI do leloa aukeratu dute, Goierriko euskalkiari erreferentzia eginda. Publikotasuna txoko guztietara eraman nahi dute, aniztasuna modu positiboan zabaldu, euskalduntzea bultzatu eta hezkuntza sistema publikoaren garrantzia azpimarratzeko. Ordiziako Euskal Eskola Publikoko komunitateko kideek nabarmendu bezala, komunitatea osatzen duten milaka lagunen topaleku izatearekin batera, egun aproposa izango da igandea eskola publikoaren ezaugarriak gizarteratzeko: «Publikoa den neurrian denona eta denontzat da, euskararen eta euskal kulturaren sustatzailea, herrian txertatua, hezkuntza-komunitatearen parte-hartzean oinarritua eta berritzailea».
Aitortza eta ahalduntzea
2019tik izan dute buruan Euskal Eskola Publikoaren Jaia Ordiziara eramatea, baina pandemia tarteko, atzeratu egin zuten proposamena, eta aurten iritsi da. Gainera, herriko ikastetxe publikoetako batek, Urdaneta ikastetxeak, 50 urte bete ditu aurten, eta horregatik urte polita bihurtu da festa antolatzeko. «Mungian lekukoa ilusio ikaragarriz jaso genuen, are gehiago jakinda urte berean Urdaneta eskolaren 50. urteurreneko ospakizuna ere izango genuela».
«Mungian lekukoa ilusio ikaragarriz jaso genuen, are gehiago jakinda urte berean Urdaneta eskolaren 50. urteurreneko ospakizuna ere izango genuela»
«Geurea ez da kasu isolatu bat, segregazioa eta pribatizazioa gobernuek aktiboki bultzatutako politiken ondorio da»
Ordiziako eskola publikoak herriaren euskalduntzean eta aniztasunaren kudeaketan egin duen lana aitortzeko aukera ere emango du festak. «Aitortza, batetik, eta saretzen, indartzen eta lanean jarraitzeko mezua, bestetik. Horixe delako eskola publikoko komunitatea ahalduntzeko bidea: elkarlana, ilusioa eta proiektu komuna partekatzeko indarra». Publikotasuna, euskara eta aniztasuna eta inklusioa izango dituzte aldarri igandean. Ikasturte osoan ere hiru ardatz horien lanketa egin dute, ikastetxe publikoetan bertan zein eskolatik kanpo, hainbat mahai-ingururen bitartez. Horrez gain, Munduketariak izeneko liburua argitaratu dute festaren harira, Patxi Zubizarretak idatzia eta Jokin Mitxelenak ilustratua, eta Publikoa aI do abestia eta bideoklipa sortu dute Jon Maiaren letrarekin eta eskolako guraso diren Kau Kori Kuraren musikarekin.
Eskola Publikoaren rola
Ekimen guztiek izan dituzte oinarrian aipatutako ardatz horiek, «Ordizian modu berezian» islatzen direlako. Euskal Herriko 10.000 biztanletik gorako herrien artean migrazio tasarik altuenetarikoa duen herria da: %21,09 (abenduko datua). 0 eta 16 adin tartean ia ikasleen laurdenen familiek jatorria atzerrian dute; Haur Hezkuntzan 0 eta 5 urte artean, jatorria atzerrian duten familien ehunekoa %37koa da, eta 2 eta 3 adin artean, ia haurren erdiaren familiek atzerrian dute jatorria. Familien jatorriaren baitako ikasleen banaketan, desoreka «handia» da herriko beste ikastetxeekin alderatuta: ehuneko 31.5 puntukoa. Euskalduntzeari lotuta, egun Ordizian, ikasleen tutoreen %59 euskalduna da, baina tutoreen euskara ezagutzaren baitan ehuneko 48 puntuko desoreka dago herriko ikastetxeen artean. Aniztasun horri eta euskalduntze-estrategiei publikotik eman nahi diote erantzuna, eta horretan ari dira lanean Urdaneta-Oiangureneko komunitatean ere.
Saretzeko eguna
Orokorrean euskal eskola publikoaren lanketa da, ez soilik Ordizian. Horrek batuko ditu komunitateko kideak igandeko festan: «Geurea ez da kasu isolatu bat, segregazioa eta pribatizazioa gobernuek aktiboki bultzatutako politiken ondorio da. Euskal Eskola Publikoa ez da lehentasuna gobernuentzat. Ezinbestean aldarrikatu behar dugu Eskola Publikoak gizartearen kohesioan, euskalduntzean eta aniztasunaren kudeaketan duen ezinbesteko rola». Aldarriez harago, halere, Euskal Eskola Publikoko kideak saretzeko, ahalduntzeko, aktibatzeko eta komunitateak egiten duen lana ospatu eta aitortzeko eguna izango da.