Autobus geralekuetan aldaketak egiteko eskatu dio Ataunek diputazioari
Azahara Dominguez Mugikortasun diputatua Ataungo alkate Martin Aramendirekin elkartu da gaur goizean.
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguez Ataunen izan da, eta hango alkate Martin Aramendirekin bildu da, udalerriari eragiten dioten mugikortasun-gaiei buruz hitz egin eta bi erakundeen arteko lankidetza-bidean aurrerapausoak emateko.
Aldundiak helarazitako oharrak dioenez, “sintonia onean” egin duten bilera horretan alkateak geltoki jakin batzuk aldatzeko eskaera egin dio diputatuari, eta hark horiek aztertzeko konpromisoa hartu du. Gainera, Dominguezek hainbat bizilagunekin biltzeko aukera izan du, eta “pozik azaldu” dira horiek gaur egun dituzten Lurraldebuseko linea eta maiztasunei dagokienez.
“Gero eta gipuzkoar gehiagok garraio publikoa erabiltzea nahi badugu, udalei eta erabiltzaileei entzun behar diegu zerbitzua dauden beharretara egokitzeko. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuan egunero egiten dugu lan herritarrei garraio publiko erosoa, segurua eta beren beharretara egokitua eskaintzeko, horrela bakarrik egingo baitugu aurrera Gipuzkoa kohesionatuago eta bidezkoago baterantz”, adierazi du Azahara Dominguezek.
Bestalde, Martin Aramendi alkateak honakoa adierazi du: “Autobus-geltoki asko dauzkagu herrian, baina guztiak dira beharrezkoak, gehiago edo gutxiago guztietan ibiltzen baita jendea. Gure nahia da dauzkagun geltokiak erabiltzen jarraitzea eta egoteko moduko lekuak izatea. Aurten, adibidez, Murkondo auzoan markesina bat jartzekoak gara, eta Iztatorren ere jendea babesteko zerbait jartzeko asmoa dugu”.