Goierriko hiru herri daude Herriarteko laurdenetan, eskuz
Beasain eta Zaldibia sailkatu dira bi kanporaketa gaindituta, eta Ataun orain hasiko da lehian. Palan, Ordizia eta Zumarraga ari dira.
Ataun asteburu honetan sartuko da Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketan lehian. Iaz finalaurrekoetara iritsi izanak, aurten final-laurdenetan hasteko pribilegioa eman dio. Bergara izango du aurkari, Villabona eta Amezketa kanporatzetik datorren taldea. Bergarako udal pilotalekuan jokatuko dute joaneko jardunaldia, gaur 19:00etan. Itzulikoa, hurrengo asteburuan Ataungo Auzoetan.
Ataun Kirol Elkarteak bederatzi pilotariko taldea prestatu du Herriartekorako. Beñat Zubizarreta, Jon Erauskin, Josu Etxeberria, Aitor Kerejeta, Martin Kerejeta, Niko Contreras, Mikel Altzua, Iker Dorrontsoro eta Mattin Aldasoro ariko dira, hiru mailetan, Ataun defenditzen.
Final-laurdenetako koskan, Goierrik lau norgehiagoketatik hirutan izango du presentzia. Atauni lagun egingo diote Beasainek eta Zaldibiak ere. Beasain Zestoa aise kanporatuta iritsi da. Antzizarren 2-1 aurreratu bazen, Zestoan 0-3 irabazi zuten beasaindarrek, asteburuan: 4-22 kadeteek, 7-22 jubenilek eta 8-22 nagusiek.
Zaldibiak ere ametsetan jarraitzen du. Final-laurdenera estutasun handirik gabe iritsi da, Altzo 4-2 kaleratuta. Altzon, asteburuan, 9-22 eta 13-22 irabazi zuten kadeteek eta helduek; eta 22-5 galdu jubenilek. Orain, Andoain egokitu zaio. Resti frontoian, gaur 20:00etan da jaialdia.
Palan, Ordiziak ere Andoain hartuko du, gaur 19:30ean Beti Alain. Finalaurreko joanekoan 2-0 aurreratu zen Andoain.