Kale garbiketaren zerbitzua lizitaziora atera du udalak
Kontratu berria 4+1 urtekoa izango da, eta aurrekontua 340.032 eurokoa, aurrekoa baino 62.316 euro altuagoa. Zakarrontzi gehiago jarriko dira, hainbat gunetan garbiketa maiztasuna areagotu egingo da, eta igo egingo dira langile baten lan orduak.
Legazpiko Udalak martxan jarri du kale garbiketaren zerbitzua kontratatzeko prozesu berria. Asteazkeneko udalbatzan onartu ziren kontratazioa gidatuko dituen pleguak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bilduren eta Berdeak taldearen kontrakoekin. Kontratu berria 4+1 urtekoa izango da, eta aurrekontua 340.032 eurokoa, aurrekoa baino 62.316 euro altuagoa.
Pleguak osatu aurretik, kale garbiketaren inguruan herritarren iritzia eskatu zuen udalak inkesta bidez, eta jasotako iradokizunak kontuan hartu zituen, baita udal kale garbitzaileekin, teknikariekin eta arduradunekin egindako bileretan jasotakoak ere. Urtean zehar jasotzen diren kexa eta iradokizunak ere kontutan izan ditu.
Horren guztiaren ondoren, hainbat hobekuntza izango ditu zerbitzuak datozen urteetan. Hala, 21 zakarrontzi gehiago jarriko dira kalean, eta hainbat gunetan garbiketa maiztasuna areagotu egingo da, hala nola, Aizkorri kalean, Itxaropen auzoan eta Urola industrialdean. Hori guztia posible izango da igo egingo direlako langile baten lan orduak, eta bere lanaldia %45etik %75ekoa izatera pasako delako. Gainera, pintadekin ikusi bezain pronto, ezabatu egingo dira. Lana egiteko, langileek makina bat izango dute, EURO 6 edo elektrikoa, baita bestelako ibilgailu bat ere.
Sozialisten erantzuna EH Bilduri
Santikutz jaietako kale garbiketaren inguruan EH Bilduk egindako adierazpenei erantzuna eman zien Gobernu Taldeko kide den Oscar Valbuena zinegotzi sozialistak, zerbitzua berriz kontratatzeko pleguan onartu ziren udalbatzan bertan. EH Bilduko ordezkariek jaietan jalean behar bezala ez zirela garbitu salatu zuten, eta horri erantzunez, Valbuenak adierazi du udal talde sozialistak udal garbiketa zerbitzuko langileen alde egin nahi duela. “Ohar horrek ez dio kalterik egiten Gobernu Taldeari, langileak iraintzen ditu”.
Gobernu taldeak” zerbitzu publikoak hobetzeko plangintza egiten du eta lan egiten du. Eta ez dago osoko bilkuran onartu genituen pleguak baino erantzun hoberik”. Gainera, herritarrei entzuten diela adierazi du, “eta horren erakusgarri da pleguak hobetzen lagundu duen inkesta”
Gainera, EH Bilduri bi puntu gogorarazi behar zaizkiola nabarmendu du. Alde batetik, 2007 eta 2015 artean ezker abertzaleak agindu zuela dio, eta “ez zuen eredua aldatu”. Bestetik, gogoratu du 2015ean, “Bilduk agintzen zuenean”, Legazpiko Udalak 180.000 euro bideratzen zituela garbiketarako, eta orain, berriz, 340.000 euro. “Tamalez, Bilduk plegu berrien aurka bozkatu du”.
Berdeak taldeak ere kontra bozkatu zuen, “zerbitzua publikoa ez izateagatik batez ere, eta kostua pila bat igo delako