Euskal Eskola Publikoaren aldarrikapenek plaza hartu dute
Bukatu da Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaia. Duplaren kontzertuan plaza goraino bete da.
Bukatu da Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaia. Bazkalondoren, Goxua n’ salsa nafar eta kolonbiarren kontzertuarekin, pixkanaka jendea plazara gerturatzen hasi da. Dupla talde arabarraren kontzerturako, plaza txiki geratu da. Egun osoan lau gunetan eta herrian sakabanatuta egon da jendea, eta itxierarako plazan elkartu dira. Euskal Eskola Publikoaren aldarrikapenek plaza nagusia hartu dute.
Urdaneta-Oiangureneko Guraso Elkartea EHIGErekin elkarlanean aritu da urte osoan jaia antolatzen. Gaur zen lanketa horren ginga eta azken eguna, eta “ikaragarria” izan da elkartearentzat: “Jende pila bat gerturatu da Ordiziara, giro ezin hobea egon da, ilusio, poz aurpegiak. Jende asko hunkituta. Ikaragarria izan da”, adierazi du Maria Albisu Guraso Elkarteko lehendakariak.
Naroa Elortza Guraso Elkarteko kidearentzat ere hunkigarria izan da, hasieratik amaierara: “Hasiera ekitaldian benetan eskolaren oinarriak eta ardurak plazaratu ditugula, modu kritiko batean ere bai, sozializatu ditugula. Gero, bukatu dugu modu berean, hunkituta. Gure aldarrikapenak plazara eramaten, plaza goraino beteta. [31. Jaiko] abestiak esaten duen moduan: Ordiziko plazara, publikotik jalgiak”.
Hasiera ekitaldian eman diete lekukoa: hurrengo urtean, Urduñan ospatuko da Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaia, Urduñako eskola publikoaren eskutik.