Guraso Elkarteko lehendakariaren irakurketa
Maria Albisuk adierazpena irakurri du irekiera ekitaldian, "erabaki ausartak eta baliabideak" eskatuta, Guraso Elkartearen izenean.
Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaiaren irekiera ekitaldian, Maria Albisu Guraso Elkarteko lehendakariak irakurritako adierazpena:
Egun on Munduketariok!
Gaur Ordiziara etorri zareten eta etorriko zareten guztiok, disfrutatu Euskal Eskolaz, disfrutatu aniztasunaz eta disfrutatu publikotasunaz. Horretarako eguna da!
Ez da kasualitatea aurtengo Euskal Eskola Publikoaren jaia Ordizian ospatzea. Badira ia bost urte honen atzetik gabiltzala. Eta oraindik urte gehiago, aurten 50 bete berri ditugu, eskola publikoaren defentsan, euskalduntzea ahalbidetzen, aniztasuna modu aberasgarri eta eraikitzailean lantzen… Azken finean, Munduketari izaten!
Ordizia Euskal Herriko beste herri, auzo eta eskola publikoaren isla da. Muturrera eramandako egoera baten isla.
Herrialde askotatik gurera etorritako familia eta pertsona ugari bizi dira gurean, egoera zaurgarrian dauden ikasle, familia eta pertsona asko, oraindik euskara ez dakiten herrikide ugari. Ongi etorriak denak, gurekin nahi zaituztegu. Hori ez da arazoa, hori aukera da, aberastasuna.
Errealitate hau guztia modu egokian lantzeko, ordea, modu eraikitzailean jorratzeko eta denok aberastu eta hazteko, politika egokiak behar ditugu, erabaki ausartak eta baliabideak.
Gure herrian orokorrean eta ikastetxeen artean pairatzen ditugun desorekek, jatorriaren baitan, egoera sozioekonomikoari dagokionez edo euskararen ezagutzan, hau guztia asko zailtzen dute, ia ezinezko egiten dute. Orekara bideratuko gaituzten politikak, erabakiak eta tresnak behar ditugu.
Ordizian eta Euskal Herrian Publikoa ai do! Xirimiria bezela ai do! Dena blaitzen do! Gure lurra ureztatzen do! Eta kolore ugaritako lora eta zuhaitzak sortzen ditu! Krisi klimatiko eta ekologiko honen erdian, nekez, esfortzuz eta lan handiz ai do. Horregatik, xirimiri hori zaparrada bihurtuko duten politika eta neurri ausartak behar ditugu!
Hemen zaudete erabaki horiek har ditzakezuen arduradunak, Eusko Jaurlaritza, Udala eta alderdi politiko ezberdinetako ordezkariak. Gaur, euskara, aniztasuna eta publikotasuna aldarrikatzearekin batera, Euskal Eskola Publikoa ezinbestekoa dugula esatearekin batera, zuei begietara begiratu nahi dizuegu eta esan politika eta erabaki ausart horiek eskatzen dizkizuegula. Euskal Herrian beharrezkoak ditugu, ezinbestekoak Ordizian. Gure herriko elkarbizitza, berdintasuna, justizia soziala, inklusioa eta euskalduntzea ditugu jokoan.
Zuei, geure buruei, herritar guztiei esaten dizuegu:
Izan arduratsu! Izan ausart! Izan Munduketari!Gora euskara!
Gora aniztasuna!
Gora publikotasuna!
Gora Euskal Eskola Publikoa!
Gora Munduketariak!