Hasi da festa
11:00etan festaren hasiera ekitaldia aurkeztu dute Xarma Leone eta Sara Cozar Urdaneta-Oiangureneko ikasle ohiek. EHIGEko ordezkariek eta arduradun politikoek ere hartu dute hitza. Urduñako eskola publikoak hartu du lekukoa hurrengo urteko festarako.
Hasi da Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaia Ordizian. Atzo jada hasi zen festa; goitibeherak eta Esanezin eta Etxepe taldeen kontzertuak izan ziren. Gaur da, baina, egun handia. Barrena parkean egin dute hasiera ekitaldia. Urdaneta dantza taldeko eta Amets Bide dantza taldeko dantzariek dantza egin dute ekitaldiari hasiera emateko, Ordiziako Txistularien laguntzarekin. Urdaneta-Oianguren eskola publikoko ikasle ohiak diren Xarma Leone euskal drag komunitateko kideak eta Sara Cozar aktoreak aurkeztu dute ekitaldia. Egun osoan hainbat ekitaldi, tailer eta emanaldi izango dira.
Aurten, gainera, Ordiziako Urdaneta ikastetxe publikoak 50 urte bete ditu. “50 urte herritarrak euskalduntzen, aniztasunaren eta inklusioaren alde egiten. Berdintasuna, elkarbizitza eta justizia sozialaren alde egiten”, nabarmendu dute aurkezleek. “Ni neu ere kanpotik etorritako guraso batzuen alaba naiz, euskaraz hitz egiten ez zen etxe batean hezi eta hazia naiz, gauza asko erakutsi dizkidate etxean, baina eskola publikoak eman zidan euskara ikasteko aukera, eta neurri handi batean posible izan zen euskal jatorriko ume askorekin elkarbizitzen genuelako. Elkarrekin ikasten genuen, gauza asko ikasi nituen Urdaneta eskolan; jatorri ezberdineko umeekin jolastea, erlijio eta sinesmen ezberdineko umeekin arratsaldeak pasatzea, jatorria, azalaren kolorea, hizkuntza eta ohitura ezberdinak ulertu eta errespetatzea. Gizartean bizitzen ikastea azken finean, denona den gizartea eta denontzat den gizartea”, zehaztu du Cozarrek. Leonek, berriz, duela hiru urte utzi zuen Ordiziako ikastetxe publikoa, institutua: “Hezkuntza duin bat eman dit, aniztasuna oinarri duena eta horri esker ni horrela izateko gai naiz eta asko pozten nau horrela hezia izateak. Publikoa ai do, ai zon eta aiko do, gora euskal eskola publikoa!”.
Ondoren, Arkaitz Aburto EHIGEko lehendakariak hartu du hitza. Eskerrak eman dizkie Euskal Eskola Publikoari babesa ematera gerturatu diren guztiei, eta bereziki azken hilabeteetan lanean aritu direnei, “hezkuntza komunitatearen indarra”erakusteagatik. “Publikoa aritzea nahi dugu Euskal Herriko txoko guztietan. Publikoa gure hezkuntza sistemaren gehiengoa izan behar duela ulertzen dugu”. Ikastetxe publikoaren sare osasuntsu bat sortzearen eta euskal eskola publikoko komunitateko kideen ahalduntzearen garrantzia azpimarratu ditu.
Maria Albisu Guraso Elkarteko lehendakariak Ordiziako Euskal Eskola Publikoaren izenean idatzi bat irakurri du, eta “politika egokiak” aldarrikatu: “Ordizia Euskal Herriko beste herri, auzo eta eskola publikoaren isla da. Muturrera eramandako egoera baten isla. Herrialde askotatik gurera etorritako familia eta pertsona ugari bizi dira gurean, egoera zaurgarrian dauden ikasle, familia eta pertsona asko, oraindik euskara ez dakiten herrikide ugari. Ongi etorriak denak, gurekin nahi zaituztegu. Hori ez da arazoa, hori aukera da, aberastasuna. Errealitate hau guztia modu egokian lantzeko, ordea, modu eraikitzailean jorratzeko eta denok aberastu eta hazteko, politika egokiak behar ditugu, erabaki ausartak eta baliabideak. Gure herrian orokorrean eta ikastetxeen artean pairatzen ditugun desorekek, jatorriaren baitan, egoera sozioekonomikoari dagokionez edo euskararen ezagutzan, hau guztia asko zailtzen dute. Orekara bideratuko gaituzten politikak, erabakiak eta tresnak behar ditugu”.
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Eider Mendoza Aldundiko diputatu nagusiak amaitu dituzte hizketaldiak, eta ekitaldiari amaiera emateko, hurrengo urtean Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaia antolatuko duen eskolari eman diote lekukoa Urdaneta-Oiangureneko ordezkariek.
Hurrena, Urduñan
Urdanetako ikasleak igo dira Barrena parkean jarritako oholtzara. Bakoitzak mezu bat bota du, eta Urduñako eskola publikoko ordezkariak igo dira gero. Urduñako Eskola Publikoak antolatuko du Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaia.