Ia 10.000 lagun elkartu dira hezkuntza sistema publiko, euskaldun eta inklusibo baten alde, Ordizian
[BIDEOA ETA ARGAZKIAK] Goizean bota duen arren, atertu eta eguraldi onarekin jarraitu du Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaiak. Bazkalondoren, Goxua n' salsa eta Dupla taldeen kontzertuak izango dira.
Bideoa: Gotzon Aranburu
Eguraldiak eutsi dio gaurko egunari. Goizean euria egin du, baina hasiera ekitaldia baino lehenago atertu du eta eguraldi onarekin jarraitu du Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaiak. Publikoa ai do eta Eskola Publikoaz Harro kamisetekin atera dira herritar asko kalera. Ordiziako Euskal Eskola Publikoko komunitateak ez ezik, inguruko zein urrutiagoko herrietako eskola publikoko kideek ere bat egin dute gaurkoan. Antolatzaileen arabera, ia 10.000 lagun elkartu dira Ordizian Urdaneta-Oiangurenek antolatutako festan parte hartzeko eta kalitatezko hezkuntza sistema publikoa, euskalduna eta inklusiboa aldarrikatzeko.
Giro lasaia eta polita nabari da jendez betetako Ordiziako kaleetan gaurkoan. Goizean, hasiera ekitaldiaren ondoren, ekintza ezberdinak izan dira lau gunetan banatuta. Plaza Nagusiko gunean, magoen saioa, batukada feminista, Pirritx Porrotx eta Marimotots, puzgarriak eta perkusio tailerra izan dira; Barrena Parkeko gunean, berriz, antzerkiak, eskulanak, Oihan Vega DJ-a eta jolasak; pilotaleku inguruko gunean, elikadura eskola, jolasak, photocall-a eta bazkari gunea; eta Barandiaran plazan, aldiz, kirolak: gimnasia erritmikoa, saskibaloia, eskubaloia, errugbia, futbola eta txirrindularitza. Burrunbazale txaranga, Ordiziako erraldoiak eta musika eskola banda eta Ordiziako txistulariak kaleak girotzen aritu dira.
Atzotik
Asko eta asko atzo inguratu ziren Ordiziara, asteburua bertan pasatzeko, batzuk garraio publikoan, eta autoz etorritakoak Trebijanon, CAFen, Urdaneta eskolan, Goierri Eskolan eta Goiekiko aparkalekuetan utzita kotxea. Autokarabanentzako tokia San Bartolomen prestatu dute, eta autobusentzakoa Orklin.
Bazkariak
Eguerdia iritsita, bazkaltzeko guneetan prestatutako arroza, kroketak, hanburgesak edo barazki parrillada jan dute askok. Ilara luzeak sortu dira jana hartzeko. Beste askok etxetik ekarri dute jana. Frontoian mahaiak eta aulkiak jarri dituzte. Beste batzuk, Barrena parkean eseri dira bazkaltzeko. Bazkalondoren, Goxua n’ salsa eta Dupla taldeen kontzertuak izango dira Plaza Nagusian.