Bizkaira joan da lehendabiziko saria
Iñaki Zabaletarena izan da herritarren artean onena. Helduen mailan zazpi margolarik hartu dute parte, guztira.
Aire zabaleko IV. Pintura lehiaketa egin dute asteburuan Idiazabalen. Ez da azken urteetako jendetsuena izan, baina epaimahaiaren iritziz, «oso maila altua» egon da aurkeztutako lanen artean. Epaimahaia Ane Mujikak, Jokin Telleriak eta Joxe Mari Telleriak osatu dute. Adinka banatuta, hiru mailatan egituratu da lehiaketa. Helduenean zazpi margolarik hartu dute parte eta haurrenean hemezortzik.
Ugaoko (Bizkaia) Iker Mugarra izan da aurtengo irabazlea, Yohana Soldevillak (Viana, Nafarroa) eta Javier Igoak (Lesaka, Nafarroa) jarraituta. Lehen herritarraren saria Iñaki Zabaletak irabazi du. Asteburuan beste hainbat lekutan ere egokitu dira Idiazabalgoaren pareko lehiaketak, Bilbon, Lesakan eta Iruñean. Horri egotzi diote, neurri batean, parte hartze apalagoa.
Pozik da Zabaleta lehiaketaren biharamunean. Positiboki baloratu du Idiazabalgo Udalak larunbatekoa bezalako ekimen honen bitartez «kultura edo arte mota honi balioa emateko» ahalegina. Bertakoa izanda aurkezteko «obligazioa» sentitzen zuela esan du. Hain zuzen, parte hartu zuen mota honetako lehendabiziko lehiaketa Idiazabalgoa izan zen orain lau urte.
Jaioterriko paisaia bat aurkeztu zuen larunbateko lehiaketara idiazabaldarrak. «Urrutikoetxea baserria ageri da lehen planoan, atzean Zelaieta baserria eta mendiak dituela», azaldu du. Akrilikoan egindako pintura bat da, «kolore horixkak» nagusi dituena. Larunbatekoa bezalako lehiaketen «zailtasuna» denbora muga dela adierazi du. «Egitera behartzen zaitu. Trazu handiekin margotu behar da», azaldu du.
Lehiaketarik ez haurrenean
Aurten ez da haurren mailan lehiaketarik egin. Haur eta gazteenen artean «lehiakortasuna ekiditeko» parte hartzaile guztien artean zozketa bat egitea erabaki dute, Jon Eskisabel Idiazabalgo kultura teknikariak esan duenez. Guztira 18 haur eta gaztek parte hartu dute, «gehienak idiazabaldarrak».