Hasi da Ekain Kulturala Ormaiztegin
Bertako produktuen azoka, zirku ikastaroa, Erreka eguna, kontzertua eta ukendu ikastaroa izan dituzte asteburuan. Gaur, irakurle taldearen solasaldia dago, 18:30ean liburutegian.
Martxa onean hasi dute Ekain Kulturala Ormaiztegin. Ostiralean jende ugari erakarri zuen gizarte etxeko belardira bertako artisauen 8. azokak. Ormaiztegitik, Cosmos artisautza, Panpoxa bitxiak eta Angel Elorza argazkilaritzak hartu zuten parte azokan; Ezkiotik Mimogoxo eta Itsasotik, Pott keramikak eta Isla Pitxiak. Azokara gerturatu ziren erosleen artean saski bat zozkatu zuten. Rabat Gomurassi izan zen zorteduna.
Ordu eta leku berean zirku ikastaroa eskaini zuten Garingo Hazi Etxe eta Orekatu taldeek. Haur zein helduei zuzendutako saioa izan zen eta familia eta herritar ugarik parte hartu zuten.
Larunbatean, ez zioten hutsik egin urteroko hitzorduari eta Erreka eguna ospatu zuten goizean zehar. Herriko errekak auzolanean garbitzeko eguna izan ohi da eta aurten, Ibaialde kale ingurutik pasatzen den Santa Lutzi errekaren zati bat izan da garbitzeko aukeratu dutena. Guztira, 30 bat herritar elkartu ziren lanera, haur zein heldu. Hamaiketakoa egin zuten amaitzeko. Arratsaldean, Urmaiz eta Kantaka abesbatzek kontzertua egin zuten San Andre elizan.
Atzo, Clara Gutierrezek gidatuta, ukenduak egiteko ikastaroa egin zuten Baso Txulo elkartean. Jende ugari bildu zen eta ekimen guztiz arrakastatsua izan zen.
Gaur eta bihar, gehiago
Gaur, eta Ekain Kulturalaren egitarauaren barruan, Anjel Erro idazlearen bisita jasoko dute Ormaiztegiko irakurle taldekoek liburutegian, 18:00etan. Poema liburu bat irakurtzeko jarraibideak liburua izango dute mintzagai idazlearekin, Miriam Lukik gidatuta. Eta bihar, Kaleko Jostunen 10. edizioa borobiltzeko, hilabete guztian zehar elkarlanean ehuntzen aritu diren koloretako loreez egindako lanaren aurkezpena egingo dute 18:30ean gizarte etxean.