Patxi Ezkiagak sexu abusuak egin zizkiola salatu du emakume batek
Marisol Zamora izeneko emakume batek ostiraleko 'El Pais' egunkarian salatu zuen Patxi Ezkiaga idazle legorretarrak (1943-2018) sexu abusuak egin zizkiola. «Egia jakin dadin» eman du lekukotasuna. 1970eko hamarkadan jasan zituen aurrenekoz erasoak, Donostian.
Patxi Ezkiaga idazle legorretarrak (1943-2018) sexu abusuak egin zizkiola salatu zuen Marisol Zamora izeneko emakume batek ostiraleko El País egunkarian. «Egia jakin dadin» eman du lekukotasuna. 1970eko hamarkadan jasan zituen aurrenekoz erasoak, Donostian.
Zamorak adierazi duenez, 8 edo 9 urte zituela jasan zituen lehenengoz. La Salle kongregazioko kide izan zen Ezkiaga, eta hamarkadetan aritu zen irakasle. Zamora ez zen hango ikaslea, orduan mutilentzat soilik baitzen zentroa, baina, Ezkiaga familiakoen laguna zenez, noizean behin haien etxera joaten zen elizgizona. Hala, egun batean, diapositiba batzuk jarri, eta, ilunpetan, haren magalean esertzera «behartu» zuen. «Hankak zabalik eseri nintzen haren hanka baten gainean, eta denbora guztian belauna, ipurdia ukitzen zidan. Genitalak ere ukitzen zizkidan hankarekin, hanka igurzten zidan; igurtziren bat egon zedin mugitzen ninduen, edo bera mugitzen zen. Esku batean proiektorearen agintea zuen, eta bestearekin ukitzen ninduen». Azaldu duenez, bere gurasoak gelan zeuden.
Gerora, behin baino gehiagotan eskolako bulegora joanarazi zuen, azterketak zuzentzen laguntzeko aitzakiarekin, eta han «abusu horiek berriz gertatzen ziren». Asteburu batean txangoan eraman zuen, anaiekin batera: «Dendan izkina batean jarri zen nire ondoan, nire eta nire anaien artean. 10 edo 11 urte izango nituen. Nigana arrimatzen zen; ni saiatzen nintzen nire atal intimo guztiak babesten, eta hark atzetik heltzen ninduen eta kitzikatu egiten zen». Egoera horrek lau eta bost urte artean iraun zuela esan du, eta gutxienez hamar bat aldiz eraso ziola.
Azkenekoz nola izan zen oroitu du. 1982an, 13 urte bete zituen egunean, bulegora deitu zuen Ezkiagak, «opari bat» eman nahi ziolako. «Magalean eseri ninduen. Bularrak ukitu zizkidan arroparen gainetik. Pixka batean hala egon zen, baina jaiki, eta zera esan nion: ‘Hau azken aldia da; bestela, mundu guztiak jakingo du’». Ezkiagak erantzun zion «ez zuela ezer egin». Hura izan zen idazleak eraso zion azken aldia.
Batez ere poesian egindako ibilbideagatik da ezaguna Ezkiaga, itzultzaile eta irakasle ere izandakoa. Narrazioa eta eleberria landu zituen, baina olerkigintzan nabarmendu zen. Hamazazpi titulu argitaratu zituen olerkigintzaren esparruan, eta sei narratiban.
Zamorak azaldu duenez, Ezkiaga ezaguna izatea oztopoa izan da erasoak salatzeko orduan; hasieran «pentsaezina» egiten zitzaion.
Halaber, La Salleko kongregazioak barne ikerketa bat abiatu duela esan du, iraganeko «oso informazio gutxi» dagoen arren: «Tamalez, lekuko izan daitezkeen pertsona gehienak hil egin dira». 2018ko ekainaren 28an hil zen Ezkiaga.