Arte abstraktua jarri dute ikusgai Legazpiko Gizarte Zentroan
Olazabal institutuko Zereginen Ikasketa Gelako eta Gela Iraunkorreko ikasleek egindako koadroak dira, Gustav Klimt eta Vasili Kandinski margolarien hainbat lanen interpretazioak. Goierritar guztiak gonbidatu dituzte erakusketa ikustera.
Legazpiko Olazabal institutuko Zereginen Ikasketa Gelako eta Gela Iraunkorreko ikasleek erakusketa berezia jarri dute ikusgai herriko Gizarte Zentroan. Debora Herrero irakasleak ematen dizkien arte eskoletan margotutako koadroak eskegi dituzte bertako kafetegian, eta han egongo dira ikusgai datozen bi asteetan. Gaur eguerdian inauguratu dute erakusketa.
Gustav Klimt eta Vasili Kandinski margolariak aukeratu dituzte proiektu honetarako, arte abstraktua, eta horien hainbat lanen erreprodukzioak eta interpretazioak dira erakusketan ikusi daitezkeenak. Ikasle bakoitzak koadro bat egin du, eta guztira, hamalau daude.
Koadro horiekin batera, eskulanekin eta bestelako lanekin osatutako beste erakusketa txiki bat ere jarri dute Gizarte Zentroan, lore lehorrekin, giltzatakoekin, zamau-babesekin eta xaboi naturalarekin, besteak beste.
Goierri osoa gonbidatuta
ZIG eta Gela Iraunkorreko ikasleak aniztasun funtzionala duten 14 eta 19 urte bitarteko gazteak dira, Goierri osokoak, eta Herrero irakasleak aipatu duenez, «horien buruetan konposizio eta forma bereziak sortzen dira, askatasun osoarekin margotzen dute, aurreiritzirik gabe». Eta emaitza, bi margolarien lanen interpretazio pertsonalak eta bakarrak dira, «batzuetan ezustekoak».
Artista gazte hauek asko disfrutatu dute arte klaseetan, eta oso gustura daude egin duten lanarekin. Lazkaoko 14 urteko Olatzek, adibidez, margotzen jarraitzeko asmoa du.
Beasaingo Lukenen, bestalde, legazpiar eta goierritar guztiak gonbidatu ditu erakusketa ikustera, ikaskide denen izenean.