Energiaren festak ospatuko dituzte astean zehar Goierri garaiko herrietan
Urretxu-Zumarragan ostegun goizean egingo dute, Areizaga-Kalebarren plazan, eta Legazpin, ostiral goizean. Uggasa garapen agentziak antolatu ditu, eta hiru herrietako ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute.
Bihar, ekainak 5, Ingurumenaren Eguna da, eta horren inguruan Uggasa garapen agentziak Energia Festa egingo du Urretxu-Zumarragan eta Legazpin, herritarrak sentsibilizatzeko eta informatzeko. Urretxu-Zumarragako festa ostegun goizean izango da, Areizaga-Kalebarren plazan. Legazpikoa, berriz, ostiralean izango da, elizaren atzealdeko parkean. Bi ekitaldiak 09:30etik 12:30era ospatuko dira.
Ikastetxeetako haurrak eta gaztetxoak Energia Festan egongo dira, gainerako herritarrei posterrak erakusten, esku orriak banatzen eta aholku errazak ematen. Horretaz gain, panelak jarriko dituzte ikusgai: Goierri garaiko energia fotovoltaikoaren ingurukoa eta hurbileko merkataritzari buruzkoa.
Energia Festan UGLE lanbide eskolak ere parte hartuko du, eta plaka fotovoltaiko mugikorra eta aire sorgailua eramango ditu ekitaldira.
Horretaz gain, bertaratzen direnek mokadutxoa egiteko eta musikaz gozatzeko aukera ere izango dute. Mokadutxoak eguzki sukalde parabolikoarekin prestatuko dituzte, orojaleentzat zein beganoentzat, eta musika Dj Ekirok-ek jarriko du, eguzki energia erabilita.