Oilar jokoa egingo dute Legazpin ostegunean
Hitzordua 19:00etan izango da, plazan. Parte hartzaileek 12 urtetik gora izan beharko dute, eta 20 euroko saria irabazteko, lurrean markatutako bide bat igaro beharko dute, begiak estalita, Goiz Deia txistularien doinuaz eta publikoaren algaraz lagunduta.
Etzi osteguna Korpus Zortzigarrena da, eta ohitura den moduan, Oilar Jokoa egingo dute Legazpiko plazan, 19:00etan hasita.
Oilarra da joko honen protagonista nagusia. Lurrean markatutako bide bihurri baten amaieran egongo da, eta partaideek harenganaino iritsi beharko dute begiak estalita, bide horretatik atera gabe, ondoan joango diren Goiz Deia txistulari taldeko kideek joko duten Tranka-tranka doinuaren eta publikoaren jarraibideei jarraituta . Partaideek ezpata bat eramango dute gainean, eta oilarrarengana iritsitakoan, ezpatarekin borobil bat marraztu beharko dute airean, bere gainean.
Jokoan 12 urtetik gorako neska-mutilek parte hartu ahal izango dute. Hasi aurretik bertan azaldu besterik ez dute egin behar. Saria 20 eurokoa izango da, garai batean oilarra bera izaten bazen ere. Iaz Julen Oriak irabazi zuen saria.
XVIII. eta XIX. mendeetan oso hedatuta zegoen Korpus Zortzigarreneko oilar jokoa, baina ia desagertu da herriko plazetatik. Legazpi da ohitura hori oraindik mantentzen duen herri bakarretakoa.

Julen Oria, iazko Oilar Jokoaren irabazlea.













