Lehenengo trikiti jaialdia egingo dute larunbatean Araman
Hamabost trikitilari igoko dira oholtzara, 18:30etik aurrera. Herriko trikitilari boskoteak egingo du agurra amaieran. Egunarekin amaitzeko, afaria egingo dute 160 lagunek.
Herri giroa sustatzen saiatzen ari dira Araman, eta ekainerako, lehenengo aldiz trikiti jaialdia antolatu dute. Larunbatean, ekainaren 8an izango da. «Antolatzen dugun lehenengo aldia da. Gipuzkoan beste toki batzuetan era honetako jaialdiak ugariagoak badira ere, Goierrin ez dira asko izaten eta Araman antolatzea egokia iruditu zitzaigun», diote antolatzaileek. «Hurrengo urteetako antolaketa, aurten egindakoa nola irteten denaren araberakoa izango da. Ondo irteten bada berriz ere egiteko aukerak izango dira», zehaztu dute.
Bi atal izango ditu egunak. Batetik, 18:30ean, trikitilarien jaialdia egingo dute parkean. Ondorengo trikitilariek hartuko dute parte: Josu Albisu, Aitor Letamendia eta Aiora Gorostizu; Alaitz Roteta eta Ainara Saizar; Jon Ostolaza eta Andoni Larrañaga; Intxausti, Arakama eta Larrañaga; Jone Uria eta Motriku; eta Izer eta Elizagoien ahizpak. Herriko bost trikitilariek (Josu Albisu, Elorri Aiertza, Ainitze Aiertza, Iker Irribarria eta Ekhi Irribarria) egingo dute agurreko saioa. Trikiti jaialdiaren ondoren, afaria egingo dute. 160 lagunek eman dute izena. Helduentzako (25 euro) eta haurrentzako (15 euro) menuak prestatu dituzte.