Urteko lehen piperminak iritsi dira, Ibarratik bertatik
Udaberria azaren garaia ere bada, eta idi bihotz motako ale galantak ikusi dira gaur. Urteko lehen luzokerrak ere aurkeztu ditu Jose Mari Uzinek.
Udaberriaren amaieran sartuta, hauxe izaten da garairik oparoenetakoa produktu berriak baratzetatik eta soroetatik jasotzeko, eta hala erakutsi du gaur hori Ordiziako azokak, hainbat berritasun aurkeztu dituztelako ekoizleek. Aipagarrienak piperminak, udaberriko azak eta luzokerrak izan dira, lore berriekin batera.
Urteko lehen piperminak Ibarratik iritsi dira aurten, eta Iguategi etxeko ekoizleek jarri dituzte salgai, kiloa 12 euroan. Harro asko erakutsi ditu etxe horretako langilea den Dimitrik, berak eskuz jasotakoak direla esanez. Bitxia da postu berean pipermin aleak saltzen hasi direnean, oraindik landareak ere saltzen aritzea. Baina aurten eguraldia ez da orain arte oso egokia izan baratzeko lanetarako, eta zeregin horiek atzeratzen ari zaizkie askori. Gaur ere, eguzki izpi epelak lagun, ilarak ikusi ziren berriz hiru landare saltzaileen postuetan, azken asteetan bezala.
Udaberriko azak eta lehen luzokerrak
Gaurko beste berritasun bat azaren familiak eman du, udaberriko aza, idi bihotz izenekoa, iritsi delako. Gabiriako Anttoni Murgiondok zituen ale ederrak salgai, batzuk hiru kilotik gorakoak. Feriako beste postu batzuetan ere bazeuden. Prezioa, aleko euro bat eta lau euro artekoa izan da, tamainaren arabera saltzen jardun dute eta.
Garaiko lehen luzokerrak, aldiz, kiloka jarri dituzte salgai. Azkoitiko Gurutzia baserriko negutegikoak ziren gaur ferian ikusi direnak, eta Jose Mari Uzinen postuan zeuden. Kiloak 2,5 euro egin du, eta esan behar da estimazio handia izan dutela, goiz erdirako ez zitzaiolako bat ere geratzen. Baina Uzinen produktu nagusia tomatea da, eta duela aste batzuk hasi zuen denboraldia. Ekoizpena handituz joan zaio urtaroak aurrera egin ahala, eta prezioan eragina izan du horrek, kiloaren hasierako 5,6 euroak 5 eurora jaitsita zituelako gaur.
Lore gehiago aukeran
Loreak ere aipatu behar dira, astero ikusten delako berriren bat. Gaur, esaterako, lirio zuriak jarri ditu salgai Aramako Jaione Irazustak, sorta 4 euroan, eta parean postua duten Zurutuza ahizpek, horiek ere Aramakoak, txinatar krabelina eta lupinus morea eskaini dituzte, sortak egiteko, arrosekin eta kalekin batera (5 euro).
Zurutuzatarrek, bestalde, mugurdia ere aurkeztu dute, kiloa 12 euroan.
230 kilo ziza
Perretxikoentzako ere garai aproposa da udaberri amaiera, eta atzo, Garbiñe Barandiaranen faltan, 230 kilo ziza eskaini zituzten Lasak eta Barcinak, kiloa 10 eta 40 euro artean. Bertakoak ere baziren salgai, kilo bat Lopetegiren postuan. 120 kilo onddo (15-32 euro), 20 kilo ziza hori (24 euro) eta 5 kilo marasmio jangarri ere (20 euro) eskaini zituzten bi saltzaileen artean.