Legazpiko Tokiko Energia Komunitatea aurkeztu dute goizean
Informazio mahai bat jarri dute Energia Festan zehar. TEK Legazpik hiru instalazio aurreikusten ditu, eta 265 etxe eta denda txiki bazkide egitea espero du.
Gaur Legazpin ospatu den Energia Festan zehar, TEK edo Tokiko Energia Komunitatea aurkeztu die udalak herritarrei. Informazio postu bat jarri dute festa gunean, eta bertan komunitatearen funtzionamenduari buruzko azalpenak eman dizkiete hurbildu diren guztiei, baita opari batzuk banatu ere. Energiaren alorreko udal zinegotzia den Oscar Valbuena ere bertan izan da.
TEK Legazpi irabazi asmorik gabeko elkartea da, joan den otsailean “Legazpin eta Legazpirako sortua”. Jasangarritasun energetikoan laguntzea du helburu, legazpìarrei eta herriko saltokiek energia berriztagarriaren ekoizpena eta kontsumoa sustatuz. Horretarako, hiru instalazio fotovoltaiko ezartzea sustatzen ari da, autokontsumoko erregimen partekatuan ustiatuko dira horiek, komunitateko kideei “ingurumen, ekonomia eta gizarte mailako onurak ekarriko dizkiete, baita faktura elektrikoan % 25 inguruko aurrezkiak ere”.
Domingo Agirre eskolako kantxan, Bikuña kiroldegian eta Brinkola-Telleriarteko eskola zaharretan kokatuko dira hiru instalazio horiek, eta 2.098 m2-ko neurria izango dute, 478 plaka fotovoltaikorekin. Udalerri osoa hartzen dute, Brinkola eta Telleriarte barne, eta instalazio bakoitzetik bi kilometrora dauden 265 etxe eta denda txiki bazkide bihurtzea aurreikusten da. Hala ere, azpimarratu dute “TEK Legazpik Eusko Jaurlaritzaren baimena duela Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoan jarduteko”.
Bazkide bakoitzak egin beharreko hasierako ekarpena 50 eurokoa izango da. Kopuru horren truke legazpiarrei energia berriztagarria jarriko die eskura, bestelako inbertsioak egin gabe. “Honekin, mota guztietako familiei sarbidea errazten diegu, haien errenta erabilgarria edozein dela ere”.