Legazpin ere ospatu dute Energia Festa
Energiaren kontsumoaz sentsibilizatzeko helburuarekin, ikastetxeetako ikasleek informazio ugari zabaldu dute herritarren artean. Eguzkiaren indarrarekin prestatutako pintxoak ere banatu dituzte.
Atzo Urretxu.-Zumarragan bezala, Legazpin ere ospatu dute Energia Festa, gaur goizean, eliza atze aldeko gunean. Bertan elkartu dira herriko ikastetxeetako ikasleak, energiaren kontsumoaren inguruan gainerako heritarrak sentsibilizatzeko helburua zuen festa ospatzeko.
Asteazkeneko Ingurumenaren Eguna aitzakia hartuta, Uggasa garapen agentziak antolatutako festak izan dira biak. Atzo bezala, gaur ikasleek geletan landutako gaiak eraman dituzte festa gunera, eta besteak beste, Legazpin eta inguruko herrietan eguzki plaken bidez ekoizten den energiari buruzko informazioa zabaldu dute, Legazpin autoaren erabilera murrizteko oinezko hainbat ibilbide proposatu dituzte eta eguzkiaren indarra baliatzen duten sukaldeetan txorixoa eta txanpinoiak prestatu dituzte, gero pintxotan banatzeko.
Gainera, UGLE lanbide eskolako ikasleek egindako plaka fotovoltaiko mugikorra eta auto elektrikoa erakutsi dituzte, eta eguzkiaren energia erabiltzen duen Dj Ekirok-ek musika jarri du.
Legazpin sortzear dagoen energia komunitateari buruzko informazioa ere zabaldu da Energia Festa honetan.