Siluruen arrantza afizio duten legazpiarrak
Ekaitz Viana eta Roberto eta Arcadio Balentziaga anaiak Ebro ibaiko Mequinenza urtegian izan dira maiatz erdialdean, siluru edo arrain katuak arrantzatzen.
Silurua edo arrain katua ur gezatako arraina da, Europako handiena, hiru metroko luzera eta 200 kiloko pisua har ditzakeena. Ur askoko eta tenperatura epeleko ibaietan bizi da, eta Espainian, Ebron daude gehienak, batez ere Mequinenza urtegian edo Aragoiko Itsasoan (Zaragoza, Espainia). Haraino joan ohi izan dira azken urteetan Roberto eta Arcadio Balentziaga anaiak arrantzara.
Iaz Ekaitz Viana elkartu zitzaien arrantza irteeran, eta aurten ere joan dira hirurak, maiatza erdialdean. Aurtengo harrapaketak ez dira izan iazkoak bezain onak, arrain txikiagoak harrapatu dituztelako, baina hala ere, ikusgarriak dira. Aurten harrapatutako siluruak 1,6 metro inguruko luzera zuen «bakarrik», eta iazkoen aldean «txikia» zen, haiek bi metrotik gora neurtzen zituztelako.
Perkak eta lutxoperkak ere arrantzatu dituzte Mequinenzan. Hil gabeko arrantza da.
Txikitako afizioa
Txikitako afizioa du arrantza Vianak. Aita Donostiakoa du, eta harekin itsasoan arrantzatu du behin baino gehiagotan, baina inguruko ibaietan eta urtegietan ibili da batez ere, lagunekin. Urtero ateratzen du arrantzarako behar den baimena.
Afizio hori konpartitzen duten Balentziaga anaiak aspalditik ezagutzen ditu, eta bazekien siluruak arrantzatzera joateko ohitura zutela. Iaz elkarrekin joateko gonbita luzatu zioten, eta han bizi zuen esperientzia onaren ondoren, aurten errepikatu egin du.
«Iaz bi metro baino gehiagoko pare bat siluru arrantzatu genituen, baina bidaia honetan ez dugu zorterik izan. Bat harrapatu dugu, 1,60 metrokoa, eta bi handiagok ihes egin ziguten, amua eta haria apurtu eta gero». Horrelako tamainako arrainak arrantzatzeko ohi baino ekipo «indartsuagoak» behar direla azaldu du Vianak. Hain zuzen, merkatuan badaude siluruak arrantzatzeko kanabera, txirrika, beita eta apeu bereziak.
Oso handia den arren, arrain hau ez da arriskutsua gizakiarentzat, baina inguruan duen guztia jaten du, eta espezie inbaditzaile gisa dago sailkatuta. Harrapatu, eta bizirik bota behar da berriz ere uretara, baina azkenaldian «furtiboak» dabiltzala dio kezkatuta legazpiarrak.