Beasain eta Zaldibia finalerdietara Herriartekoan, Ataun ez
Beasainek Azpeitia kanporatu du eta Zaldibiak Andoain. Ataunek, aldiz, ezin izan du Bergara mendean hartu. Finalerdietan, Beasainek Oiartzun izango da aurkari, eta Zaldibiak Bergara.
Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren final laurdenetako partiden joaneko emaitzak ikusita, Ataunek, Beasainek eta Zaldibiak finalerdietara sailkatzeko aukerak izan bazituzten, baina azkenean hirutik bi izan dira hurrengora faserako urratsa egin dutenak: Beasain eta Zaldibia.
Ataun, tanteoarengatik kanporatuta
Ataun San Martingo Auzoeta pilotalekuan jokatu zituzten Ataunek eta Bergarak final laurdenetako itzuliko partidak. Joanekoan 2 eta 1 nagusitu ziren ataundarrak (jubeniletan eta afizionatuetan irabaziz), baina tanteoa aurkakoa ekarri zuten (48-49). Joan den ostiralean, ordea, Bergara izan zen Ataunen 2 eta 1 nagusitu zena –kadeteetan 5-22 eta afizionatuetan 7-22 irabazi zuten kanpokoek, eta jubenilen 22-1 ataundarrek–. Kanporaketa hiruna berdinduta bukatu zen, baina tanteoarengatik Bergarak egin zuen aurrera (Ataunek 82 tanto, Bergarak 94).
Ataun multzo buruetako bat izan da aurtengo txapelketan, eta final laurdenetan hasi da jokatzen, baina ezin izan du lehen txanpa gainditu.
Beasainek 4-2 irabazi dio Azpeitiari
Joanekoan 2-1 aurre hartu ondoren, finalerdietara igarotzeko itxaropen osoarekin joan zen Beasain joan den ostiralean Azpeitiko Izarraitz pilotalekura, eta ez zuen hutsik egin. Antzizarren bezalaxe, hiru partidetatik bi irabazi zituzten beasaindarrek –jubeniletan 13-22 eta afizionatuetan 8-22 nagusitu ziren, eta kadeteetan 22-3 galdu–, eta horrenbestez, 4-2ko emaitzarekin pasa dira finalerdietara.
Datozen bi asteburuetan jokatuko ditu Beasainek finalerdietako partidak Oiartzunen aurka. Joaneko partidak Antzizarren izango dira asteburu honetan, eta itzulikoak hurrengoan Madalensoron.
Zaldibia, tanteoarengatik aurrera
Kanporaketa estua jokatu ondoren sailkatu da Zaldibia finalerdietara. Resti pilotalekuan hiru partidetatik bi irabazita eta tanteoa alde zuela joan ziren zaldibiarrak ostiralean Andoaingo Arrate pilotalekura, baina han bestelakoa izango zen kontua. Kadeteetan 22-17 galdu zuten zaldibiarrek –joanekoan bezalaxe–, jubeniletan 22-2 galdu zuten –joanekoan 9an irabazi zuten–, eta afizionatuetan 6-22 nagusitu ziren. Kanporaketa hiruna berdinduta bukatu zuten, baina tanteo hobea izan du Zaldibiak, eta horregatik egin du aurrera txapelketan (Zaldibiak 102 tanto, Andoainek 96).
Beasainek bezalaxe, datozen bi asteburuetan jokatuko ditu Zaldibiak finalerdietako partidak, kasu honetan Bergararen aurka. Joaneko partidak Resti pilotalekuan izango dira, eta itzulikoak Bergarako udal pilotalekuan.