Biziolaren ‘Guk markoa, zuk argazkia’ ekimena azken astean sartu da
Biziolak, bestetik, larunbatean (ekainak 15) egingo du kooperatibaren bazkideen arteko urteko batzar nagusia, Lazkaoko egoitzan.
Maiatzean eta ekainean garatzen ari da Biziola kooperatiba Guk markoa, zuk argazkia ekimena. Herritarren parte-hartzea bultzatzeko, herritartasun kritikoa sustatzeko eta artearen zein kulturaren bidez jendea aktibatzeko egitasmoa da. Parte hartzeko azkeneko astea da. Elikagaietarako irisgarritasun arazoa argazki bidez islatzea da deialdiaren helburua. Bereziki, Goierriko herritarrei, eta bertako lurrak edo landetxeak lantzen dituzten pertsonen begiradak jaso nahi dituzte, «beren inguruneari begira gaiari buruz daukaten begirada elkarbanatzeko».
«Fotoahotsa» kontzeptua dago oinarrian: argazkilaritzaren bidez, herritarrek beren errealitateak islatzea eta horien lanketa kritikoa egitea, «eraldaketa sozialerako bide moduan». Igandean, ekainak 16, bukatuko da parte hartzeko epea. Argazkia eta azalpen testu labur bat bidali behar dira (proiektuak@biziola.eus). Erakusketa atonduko dute, ekainaren amaieran.
Batzar nagusia zapatuan
Biziolak, bestetik, larunbatean (ekainak 15) egingo du kooperatibaren bazkideen arteko urteko batzar nagusia, Lazkaoko egoitzan, 10:30ean lehen deian eta 11:00etan bigarrenean. Bazkaria ere badago gero.
2023ko jardueren eta diru kontuen memoriak, 2024ko kudeaketa plana, fabrikaren erosketa eta barne araudia onartzea dira aztergaiak eta bozketara eramango dituzten puntu batzuk.