Hitzaldia, musika emanaldiak eta jai giroko ekintzak Ekain Kulturalean
Katallin eta Nenufarrak talde goierritarraren soul doinuak, 8. Musikalen, ostegunean plazan. Gazte Eune eta Harrikalari mus txapelketa azkarra, larunbatean.
Ormaiztegiko Ekain Kulturala egitasmoa iritsi da bere ekuatorera. Maiatzaren 31n hasi zenetik, makina bat ekitaldirekin gozatua hartzeko aukera izan dute ormaiztegiarrek. Datozen egunetan ere, izango dira kultur ekitaldiak aukeran: hitzaldia, musika emanaldiak, gazteen festa eta mus txapelketa, besteren artean.
Bihar, Petrolio ontziak Pertsiar Golkoan izenburupean mahai ingurua egingo dute, 18:30ean gizarte etxean. Agustin Galabide barkuko irrati-telegrafista eta Xabier Garmendia merkataritza barkuko kapitaina gonbidatu dituzte saiorako.
Ostegunean, 19:00etatik aurrera Kattalin eta Nenufarrak taldearen kontzertua izango da plazan, Musikal egitasmoaren 8. edizioaren baitan. Goierritarrak dira taldekide gehienak —Jon eta Julen Sagarna eta Leire Agirre gabiriarrak, Iñaki Rezusta ormaiztegiarra eta Sara Iriarte billabonatarra— . 2021ko abenduan grabatu zuten Hubble bost abestiko bilduma laburra, soul ukitu nabarmenekoa. 2023ko maiatzaz geroztik, doan dago eskuragarri Spotify eta Youtube plataformetan.
Gazte Eune, larunbatean
Zumarraga eta Urretxuko Sekundino Esnaola Musika Eskolako ikasleen kontzertuarekin jarraituko du egitarauak ostiral arratsaldean. Ikasturtean zehar ikasitakoa plazaratuko dute, 18:30etik aurrera, plazan.
Asteburua ere ekintzaz beteta iritsiko da. Ormaiztegiko Harrikalariak Gazte Asanbladak III. Gazte Eune antolatu du larunbaterako. Eguerdian emango diote hasiera egunari, vermouth poteoarekin eta bazkaritara elkartuko dira ondoren, Zubipe kiroldegian. Arratsaldean elektrotxaranga izango dute herriko kaleetan zehar eta iluntzean Bass&Dere Dj-aren saioa.
Aurten, lehenengo aldiz antolatu dute Harrikalari mus txapelketa azkarra. Plazako karpan jokatuko dute, 16:30ean hasi eta amaitzen den arte.
Gaur hasi eta ekainaren 21era bitartean, Ormaiztegi Lorez sarietarako ikuskatze epea ireki dute. Lehiaketaren helburu nagusia herriko etxe, baserri, taberna edo dendetako leiho eta atari ederrenak saritzea da. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 26an izango da.