San Adrianera erromesaldia egingo dute idiazabaldarrek
Autobusean izena emateko azken eguna da bihar. San Adrian pilota jaialdia igandean jokatuko da pilota eskolak antolatuta.
San Adrianera erromesaldia egingo dute idiazabaldarrek datorren igandean. Oinez San Adrianera joan, bertan ohiko familia argazkia atera eta Zegama eta Segurako alkateekin aginte makilen trukea egingo dituzte, ohiturak dioen bezala.
Goizean goiz, 7:30ean aterako da Otzaurteko Bentarainoko autobusa Idiazabalgo plazatik, igandean. San Adrianera 9:30 ingururako iristea da aurreikuspena. Anisa banatuko da bertaratutakoen artean eta ohiko talde argazkia aterako dute, gero. Aurten, ez da mezarik ospatuko.
Ohiturak agintzen duenez alkate-makilen trukatzea egingo dute beherakoan. Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak eta Iker Zubeldia Zegamako alkateak egingo dute lehenengo trukea Zegaman, 12:00etan. Hamaiketakoa egingo dute bertan Zegamako herriak eskainita. Seguran egingo dute hurrengo geldialdia. Izarra Urdalleta alkateak eta Alberdik alkate-makilak trukatu eta gero, 13:00etan mokadua eta Segurako dantzariek arin-arina eta fandangoa ere eskainiko diete idiazabaldarrei. 14:00ak inguruan iritsiko da segizioa Idiazabalera, Birigarro txistulari taldeak lagunduta.
Pilota jaialdia, Igarondon
Otzaurteko Bentara joateko doako autobus zerbitzua antolatu du aurten ere udalak. Bihar da izena emateko azken eguna. 696 690 887ra mezu bat bidali edo kultura@idiazabal.eus-era idatzi behar da horretarako.
Pilota eskolako haur eta gazteen arteko San Adrian pilota jaialdia ere, igandean jokatuko da. Partidak 11:00etan hasiko dira, Igarondo pilotalekuan.