Ataungo Mitoaldiak era eta ekimen askotan gorpuztuko du mitologia
Kontzertua, hitzaldiak eta irteerak antolatu dituzte 7. egitarauan. Ginga gisa, Gau Ibilaldi Mitologikoa uztailaren 13an egingo dute. Aurreneko platera, zapatu honetan: Jon Maiaren 'Kantu berri bat gara' kontzertua.
“Mitologia ez da kontakizun hutsak bakarrik, ingurune bat ulertzen laguntzeko lanabesa da”. Barandiaran Museoko Amaia Vicentek modu horretan deskribatu du kondairen, sinesmenen eta elezaharren aspaldiko arte eta kosmos hori. Hala, Ataun ulertzeko ezinbesteko bihurtzen da mitologia, eta, zazpigarren urtez, Jentilbaratza elkarteak Mitoaldia egitaraua prestatu du hori egikaritzeko. Larunbatean hasiko da, eta ekainaren 13an borobilduko dute 10. ekitaldia izango duen Gau Ibilaldi Mitologikoa arrakastatsuarekin.
Gaur eguerdian aurkeztu dute Mitoaldia, lehenbiziko aldiz San Gregorioko Murkondo auzoko Sara etxean, Joxe Migel Barandiaranen eta Pilar Barandiaran ilobaren etxe izandakoaren atalaurrean. Han izan dira Jentilbaratzeko Maitane Aizpurua, Maider Irastortza zinegotzia, museoko Amaia Vicente, eta Samartintxiki, Torto, Maru Nagusia, Inguma eta sorgina.
Askotariko ekitaldiak
Betiko legez, mitologiaren plazaratzea espresiobide ugaritan gauzatuko dute. Bost ekitaldiz osatuta dago egitaraua. Hitzaldia, hitzaldi musikatua, kontzertua, Leizadiko kobara irteera gidatua, eta aipaturiko gaueko ibilaldi antzeztua egingo dituzte. Jon Maia bertsolari-kantaria izango da lehenengo gonbidatua, larunbat honetan; datorren astetik aurrera, Patxi Zubizarreta idazlea eta Pello Ramirez musikaria, eta Asisko Urmeneta ilustratzailea gonbidatuko dituzte, bakoitzaren mitologiaren interpretazioak erakusteko.
Biharko egunez duela 43 urte, 1981eko ekainaren 12an antzeztutako Jentilen Etorrerak eman zion hasiera aro modernoko mitologia-lanketari. Ataunentzat «ekitaldi garrantzitsuak» direla esan dute antolatzaileek eta udal ordezkariek, etnologikoki edo hizkuntzan duten ekarpenengatik. Antolatzen jarraitzearen balioa ere mahai gainera ekarri dute; «Ataun euskal mitologiaren erreferente da».
Adin eta zaletasun ezberdinetako publikoaren gozamenerako, «modu berezian mimatuta» sortu dituzte ekitaldiak, batez ere haurrei begira, «etorkizunean gaurko haurrek egin beharko dutelako transmisio lana».
- Ekainak 15, larunbata. Kontzertua: Jon Maiaren ‘Kantu berri bat gara’. Herri Antzokian, 22:00etan.
- Ekainak 19, asteazkena. Hitzaldi musikatua: ‘Urbanita jentilaren aurrean’. Patxi Zubizarreta eta Pello Ramirez. Barandiaran Museoan, 19:30ean.
- Ekainak 27, osteguna. Hitzaldia: ‘Ni ez naiz sorgina!’, Asisko Urmenetak. Udaletxean, 19:30ean.
- Uztailak 6, larunbata. Agautz eta Leizadiko kobetara irteera, Jon Fontenlarekin. Urkillagatik abiatuta, 08:30ean. Ikusle kopurua 30 lagunera mugatuta.
- Uztailak 13, larunbata. X. Gau Ibilaldi Mitologikoa, San Gregoriotik San Martinera. 600na laguneko bi multzotan. Irteera 19:30ean eta 20:00etan. Sarrerak ‘jentilbaratza.eus’. Ataungo herritarrentzat, ordea, ekainaren 25ean banatuko dituzte 400 sarrera, San Martingo plazan 17:00etan.