Beasain inguruko txokoetan barrena
Tomas Salazar mendizalearen omenezko hamaikagarren Aizkorriko Birak jende ugari erakarri du aurten ere. Gaztetxoen ibilaldia ere giro bikainean egin dute asteburuan.
Mendizaletasunak, Goierriko bazterrei maitasunak eta lankidetzak irabazi zuten larunbatean Tomas Salazar Aizkorriko Biran. Aizkorri Mendizale Elkarteak «esker» hitzak baino ez ditu izan ekimena posible egin duten guzti-guztientzat; «Partaideak heldu zein gazte, boluntarioak, laguntzaileak, Mendi Federazioa, Gurutze Gorria,… Eskerrik asko denei!». Egun «borobila» izan zen, partaidetza zabala izan zen «ia 200 ibiltari gazte eta heldu, eta 100 laguntzailetik gora» izan dira eta eguraldia ere lagun izan zuten. Aizkorriko Birak dituen laguntzaileei esker eta boluntarioei esker, ibilbidean elikagaiak eta ura eskaintzen ditu parte hartzaileentzat.
Mendizaletasuna eta gozamena elkartzen dira proba honetan, non leku ezberdinetatik etorritako mendizaleak elkar topatzen diren.
Aizkorriko Bira 2002an sortu zen Aizkorri Mendizale Elkartearen eskutik. Garai hartan geroz eta ohikoagoak ziren mendi proba luzeen aurrean, lehiakortasuna alde batera uzten zuen mendi martxa luze baten ideia sortu zen. Harrezkero, bi urtez behin, urte bikoitietan, Aizkorriko Bira antolatzen da.
Elkartearen izena kontutan hartuz, Beasaindik Aizkorrira bitarteko ibilbidea hartu zen egokitzat. Ibilbide horren helburu nagusienetako bat zen, paraje natural hori ezagutaraztea. Hasieran luzeegia suerta zitekeela pentsatu arren, aukera motzenak kontutan hartuz, gaur egungo 52 kilometrotako bira sortu zuten. Beasaindik abiatuta, Olaberritik Etzegaratera joan, bertatik Otsaurte zeharkatuz Aizkorrira igo, eta Zegama, Segura eta Zeraindik, Beasainera bueltatzen dira mendizaleak.
Mendizaletasuna bultzatu nahirik, Aizkorriko bira martxa librea izatea erabaki zen. Mendi lasterketa lehiakorrak geroz eta ugariagoak ziren garai hartan, beraz, kutsu desberdineko bira baten sorrera aintzat hartu zen. Horrela, Aizkorriko Bira egiteko, gehienez, 14 ordu erabil badaitezke ere, parte hartzaileak kontroletatik pasatzean ez dute itxaron behar, norbere errekor pertsonalak betez, nahiz eta bira honetan denborak ez diren aintzakotzat hartzen. Hau da, sailkapena ez da biraren helburua.
Tomas Salazar gogoan
2008 urtean Tomas Salazar Aizkorriko Bira izena jarri zioten. Aizkorri Mendizale Elkarteko bazkide eta mendizaletasuna sustatzen partaide aktiboa izanik, elkarteak omenaldi gisa bere izena jarri zion martxari. Bera ibili zen ibilbidea diseinatzen eta, aldi berean, marrazteko zuen zaletasunagatik, ibilbidearen mapak ere egin zituen.