Natur parkeak: etekina edo kontserbazioa?
Natur kontserbaziorako eragileek salatu dute aldundiak jarduera produktiboa lehenesten duela Gipuzkoako natur parkeetan. Esan dute derrigorrezkoa dela biodibertsitatea zaintzeari ematea lehentasuna.
Gipuzkoako Natur Parkeen Egunak antolatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak maiatzaren 26tik aurrerako; asteburu bakoitzean parke batean egingo dituzte jarduerak. Herrialdean lau parke natural daude, eta lurraldearen azaleraren %15 hartzen dute: Aizkorri-Aratz, Aiako Harria, Aralar eta Pagoeta. Egun horiek natur parkeei ikusgaitasuna emateko baliatu nahi ditu aldundiak, baina «harago» joan nahi dutela adierazi zuen Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak egitasmoaren aurkezpenean: «Ingurumenaren zaintza eta lehen sektoreak garatzen duen jarduera txanpon beraren bi aldeak direla erakutsi nahi dugu: lurralde oreka berdearena». Dena dela, aldaketak eskatu dizkiote natur taldeetako kideek.
«Guri ere oso garrantzitsua iruditzen zaigu parke naturalei balioa ematea, baina aldarrikapen horren atzean ez dago aldaketa esanguratsurik natur kontserbazioari begira», kexu da Aitziber Sarobe Egiguren Arkamurka natur taldeko kidea (Zarautz, 1974). «Biodibertsitatea mantendu eta berreskuratzeko estrategia bat ikusi nahi dugu, guk ere egun horiek ospatu ahal izateko». Pagoeta parke naturaleko patronatuko kidea ere bada Sarobe; izan ere, natur kontserbaziora bideratutako eragile batek egon behar du natur parkeetako patronatuetan.
Gipuzkoako gainontzeko parke naturaletako patronatuetan dauden natur taldeetako ordezkariekin bildu da Sarobe, Pagoetako natur parkeko parketxean. Harekin batera, mahaiaren bueltan dira Hilario Manzanedo Gabilondo (Soraluze, 1965), Kukubaso elkarteko eta Aizkorri-Aratzeko patronatuko kidea; Edurne Huesa Otegi (Donostia, 1959), Landarlan elkarteko eta Aralar parkeko patronatuko kidea; eta Karlos Murua Roma (Errenteria, 1955), Eguzki taldeko eta Aiako Harriko patronatuko kidea. Bakoitzak natur talde batean parte hartu arren, guztiak dira Naturkon Gipuzkoako talde ekologisten eta naturazaleen koordinakundeko partaide.
Parkeak garrantzi bereziko leku izendatu zituzten 2009. urtean, eta, 2013an, kontserbazio bereziko guneen izendapena jaso zuten. «Izendapen hori jaso ondoren, kontserbaziorako kudeaketa eta aurrekontu plan bat aurkeztu behar zuen aldundiak sei urteko epean. Hau da, 2019rako, beranduenez. Baina oraindik zain gaude», esan du Muruak. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jartzen saiatu da Gipuzkoako Hitza, baina ez du erantzunik jaso.
Izendapenak ematea Eusko Jaurlaritzari dagokio, baina Gipuzkoan aldundiaren ardura da parkeen kudeaketa. Natur Baliabideen Kudeaketarako Planaren arabera kudeatzen ditu aldundiak eremu horiek. Planaren sorreran modu aktiboan parte hartu zuen diputazioak, eta azken hamarkadetan planari jarraituta kudeatu ditu eremuak.
2013an, ordea, kontserbazio bereziko guneen izendapena jasotzearekin batera, Gipuzkoako parke naturalak Europako Natura 2000 naturagune babestuen sarean sartu ziren, eta horrek Europak finkatzen zuen planari jarraitzera behartu zituen. «Hor instituzioen arteko talka bat egon zen. Aldundiak aldarrikatzen zuen Natur Baliabideen Kudeaketarako Planari jarraitu nahi ziola, Europatik zetorren plan berria aplikatu beharrean. Talka hori izan da urteetan natur kontserbazioaren aldeko politikak egitea atzeratu duena», dio Sarobek. 2022ko natura ondarea kontserbatzeari buruzko lege berriak, ordea, bi dokumentu horiek «uztartzea» ekarri du.
Irakurri erreportaje osoa Gipuzkoa.hitza.eus webgunean.