Urrup antzerki taldearen 'El parto' antzezlana, Beasainen
Genero berdintasunak tradizio matxistari lotutako familia askoren egituran sartzeko duen zailtasuna jorratzen du. Ostiralean izango da Usurbe antzokian eta sarrerak salgai daude.
Beasainera itzuliko da Urrup antzerki taldea, El parto izeneko lanarekin. Ostiralean izango da emanaldia, Usurbe antzokian, 20:30ean hasita. Sarrerak sei eurotan salgai daude antzokiko leihatilan eta usurbe.eus webgunean. Azken bi urtetan bezala, aurten ere Beasaingo Berdintasuna sailak Urrupengan pentsatu du ikusleek antzerkiaz gozatu eta genero kontuei buruzko hausnarketa egin dezaten.
El parto antzezlanak, genero berdintasunak tradizio matxistari lotutako familia askoren egituran sartzeko duen zailtasuna jorratzen du. Lanak umorez begiratzen du hainbat norabidetan: feminismoa, matxismoa, maskulinitate berriak, rolei eta plazerrari buruzko mito faltsuak, sexu-aniztasuna,…
Mirentxu eta Pablo dira protagonista nagusiak. Erditzear daude. Haiek jakin gabe, bien senitartekoak ospitalera hurbiltzen hasten dira. Jaioberriak bi familiak batuko ditu. Baina itxarongelan galdera bat dago airean: mutila ala neska izango da?
Rosa Rojo zuzendari beasaindarraren zuzendaritzapean, Urtzi Gorostiaga, Ana Martinez, Marisol Cavero, Julen Paredes, Juan Manuel Pecharroman, eta Beasaingo Jose Luis Elorza, Miguel Angel Veliz ‘Lillo’ eta Jose Luis Argiñano igoko dira oholtzara.
Ana Martinezen lana
Hogeita hamar urte baino gehiagoko ibilbidea bete du Ordiziako Urrup antzerki taldeak. Herritar talde baten ekimenez sortu zen, Marisol Cavero tartean, gaur egun, Urrupeko kidea dena oraindik. Urte hauetan guztietan, hamarnaka antzezlan taularatu dituzte, arte diziplina horren eta literaturaren sortzaile handienen obrak tarteko; Shakespeare, Lorca, Chejov, Ionesco, Tenesse Willians edo Dario For-en lanak, besteak beste. Baina gainera, azken urteetan, Ana Martinez taldeko kidea denak idatzitako lanak taularatu dituzte; Tuppesex izan zen lehena, Si ellas hablaran izan zen bigarrena, Psikoeskape ondoren, eta El parto, berriena.
Aipatzekoa ere, taldearen garapenean Rosa Rojo zuzendariak egindako lana. Sorreratik du taldearen gidaritza. Zuzendaritza, aktore lanekin uztartzen du, baina gainera, antzerki irakaslea da ikastetxeetan. Beasaingo BHI ikastetxeko antzerki taldea zuzentzen du, zeinarekin sari ugari jaso dituen. Azkena, Buero de Teatro Joven izeneko lehiaketan, 2023 urtean, Chejov-en Hiru ahizpak lanarekin.