Elkarlanaren diplomak
Goiekiren Elkar-EKIN Lanean egitasmoari esker, ehun eta larruzko arropa eta artikulu konponketa formakuntza jaso dute Goierriko hamahiru emakumezkok.
Goiekiren Elkar-EKIN Lanean egitasmoari esker, ehun eta larruzko arropa eta artikulu konponketa formakuntza jaso dute Goierriko hamahiru emakumezkok. Horietatik 11k, praktika egin dituzte eskualdeko hainbat artisauen eta jostunen dendetan.
Gaur goizean, Goiekiren egoitzan, formazioaren amaierako diploma banaketa egin dute. Urrian hasi zuten formazioa: sei hilabetean formazio eskolak jaso dituzte eta hilabeteko praktikaldia egin dute.
Egitasmoaren izenak dioen bezala, denak elkarrekin ekiteari garrantzia eman diote sari banaketan. Ikasleek ere esker oneko hitzak izan dituzte, formatzeko aukera eman dietelako. Ikasle batek lan kontratua lortu du dagoeneko, eta beste hainbatek ikasten jarraitzeko asmoa daukate euren tailerra irekitzeko helburuarekin.
Eskualdeko inklusio sarea
Egoera zaurgarrian dauden pertsonak kalitatezko enplegua lortzera bideratzea da Elkar-Ekin Lanean egitasmoaren helburu nagusia. “Eta, aldi berean, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonei enplegu duina hurbilduko dieten formakuntza ibilbideak sustatzea”.
Goierriko inklusio sarea osatzen duten eragileak izan dira sari banaketan, Beasaingo eta Ordiziako alkateekin batera: Goierri Eskola, Gurutze Gorria, Caritas, Sarea Fundazioa, Ede Fundazioa, Prospektiker eta Goieki).