Fruta gorrien garaia hasi da Ordiziako ferian
Marrubien eta gerezien ostean, aranak, mugurdiak, basandereak eta masustak ere iritsi dira. Tomate eta piper eskaintza zabaltzean ari da.

Ordiziako feria fruta gorriz betetzen hasi da. Marrubiak iritsi ziren lehenik, Aramatik,;Gabiriatik gereziak gero; eta horien ondoren, basoko fruten zaparrada hasi da, hori ere Aramatik iritsita. Maite Zurutuzaren postuan mugurdiak, andere mahats gorriak, masusta beltzak eta arakatzak edo indiar mahatsak erosi daitezke dagoeneko, kiloa 15 euroan.
Berritasun gehiago ere izan dira gaur fruten atalean, aranak ere iritsi direlako feriara, gorriak. Aramako Patxi Arizmendik aurkeztu ditu, urteko lehenak, eta kiloa 3,5 euroan jarri ditu salgai.
Bestetik, Uliako Labea komunitateko kideek Nafarroako Kaparroson duten lursaileko albertxikoak jarri dituzte salgai, kiloa 4 euroan.
Frutekin jarraituz, Zuhaiztiko saltzaileen gunean azken asteetan egundoko gerezi festa dagoela esan behar da. Eskaintza oso zabala da, batez ere Nafarroako Milagrokoak iritsi direnetik. Kiloa 3,95 eta 7,9 euro artean dago.
Tomatea eta piperra
Tomatea ere aipatu behar da atal honetan, hori ere fruta bat delako. Uzin hasita dago duela aste batzuk, eta Arizmendik berak ere baditu salgai bereak, baina gaurtik ekologikoak ere erosi daitezke, Zeraingo Iñaki Intxaustiren postuan, hain zuzen ere. Tomate ekologikoa 6 euroan dago salgai, baina bestea 5 eurotik erosi daiteke. Oraindik negutegikoak dira tomate guztiak.
Barazkietan ere izan dira berritasunak, horietako bat Intxaustiren postuan, tomateaz gain, baba txikia ere eraman duelako gaur feriara, ondoan zuen ilarrak baino leka txikiagoa zuena; kiloa 5,5 euroan jarri du. Bestetik, Jose Mari Uzinen postuan Azkoitiko Kurutzia baserriko piper berde gozoak eta luzeak izan ditu salgai, kiloa 8 euroan.
Bi perretxiko saltzaile
Perretxikoei dagokienez, zizen eskaintza urritzen ari da. Bi astez jarraian ez da agertu Garbiñe Barandiaran, eta gaur, Lasaren eta Barcina bakarrik izan dira. Bien artean, 130 kilo eskaini dituzte, 10 eta 44 euro artean kiloa, baina plaza barruan inguruko baseotan bildutako bost kilo ere eskaini dituzte. Perretxikoen eskaintza 100 kilo onddok (15-30 euro), 20 kilo ziza horik (22 euro), 3 kilo gorringo (25 euro) eta boilur batzuk (200 euro) osatu dute.
Gasteizko jubilatuak bisitan
Bisitarien jarioak ere ez du etenik feria inguruan. Gaur Gasteizko jubilatu talde baten txanda izan da. D’elikatuzeko gidariekin batera, Arana Zentro Zibikoko 40 lagun inguru ibili dira goizean zehar ferian postuz postu eta Ordiziako erdigunea ezagutzen.
Eguraldiak lagundu die bisitan gasteiztarrei, baita feriako giro orokorrari ere.