Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Idiazabal Gazta Jatorri Izendapenak "Zeraingo kasua" gaitzetsi dute
Bi erakundeek salatu dute senar-emazteek esnea ekoizten zuten ustiategian gertatutakoa. Era berean, sektorean baldintza duinen alde egindako lana aldarrikatu dute.
Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutik eta Idiazabal Gazta Jatorrizko Izendapeneko lehendakaria Felix Ajuriak salatu egin dituzte Zeraingo baserrian izandako gertakariak. Atzo zabaldutako albiste baten arabera, esnea eta gazta ekoizten dituzten senar-emazte batzuek ustez esplotatu egiten zituzten abeltzaintza-ustiategian egoera irregularrean eta kontraturik gabe zeuden langileak.
“Horrelako egoerak erabat justifikaezinak dira, eta ez dute ordezkatzen gaztaren sektorearen errealitatea, ezta lehen sektorearena ere, oro har”, adierazi du Arrutik. Ildo horretan, gaineratu du “sektoreko erakunde, eragile eta elkarteak elkarrekin lanean” ari direla lan-baldintza duinak eta bidezkoak bermatzeko. “Ezin dugu horrelako egoerarik onartu, eta ezin dugu onartu egoera horiek Gipuzkoako gazta, nekazaritza eta abeltzaintza-jardueraren irudia zikintzea”.
Bestalde, Idiazabal Jatorri Izendapeneko presidente Ajuriak adierazi du haien erakundea “argi eta garbi kokatzen” dela sektorearen jasangarritasunaren defentsan. “Baita alderdi sozialean ere, zeinak lanerako baldintza duin eta legalak barne hartzen baititu, bai abeltzainen eta gaztandegien titularrentzat, baita haien langileentzat ere”.