Itsasondotik Goierrira hedatzeko bidea eginez
Hitzar Energia Komunitatea sortu dute Itsasondon. Hamar eguzki plaka jarri dituzte, eta beste 60 gehiagorako baimena lortu nahi dute. Goierrira zabaldu nahi dute.
Ingurumena errespetatu, eta egun arazo handi bihurtzen ari den krisi klimatikoari aurre egiteko» tresna izateko eratu zuten Itsasondon, 2022ko urriaren 25ean, Hitzar kooperatiba. Goienerrekin eta Farapirekin batera urtebete lehenago egindako parte hartze prozesuaren emaitzaren ondorioa izan zen. «Etorkizun batean herriko burujabetza energetikoa» lortu nahi dute, «gu geu izateko energia sorkuntzaren jabeak eta geure energia kudeatuko dugunak».
Eta emaitzak jasotzen ari dira dagoeneko Erkuden Mendizabalek aurreratu duenez. «Iberdrolak azken konexioa egiten duenean», Itsasondoko hamalau etxebizitzetan Iraola baserriko ustiategiko teilatuan jarritako hamar eguzki plaketatik sortuta energia kontsumitzen hasiko dira. Iraolako proiektuak 40.000 euroko kostua izan du eta foru aldunditik 27.822 euro lortu dituzte.
Iraola baserriko ustiategiko teilatu gainean, 35 kilowatioko instalazio bat jartzea zen hasierako asmoa, «baina Iberdrolak baimenik ez zigun eman. Arrazoia, landa eremuetan ez dagoela hainbeste karga soportatzen duen sarea edo kablea». Baimen guztiak Iberdrolari eskatu behar izaten zaizkio. «Eguzki plaka horietatik sortzen den energi guztia sarera bidaltzen da eta ondoren esan behar zaio zein etxebizitza diren onura jasoko dutenak».
Hitzarrekoek hasieran 35 lagunera mugatu zuten proiektua, «etxebizitza bakoitzerako batez beste 1 kW. Baina gero Iberdrolak 10 kW-ko baimena bakarrik eman zigun eta 10 kW-ko 35 pertsona geunden izena emanda. Azkenean 14 bazkidek (13+jabea) jarraitu genuen aurrera».
Kooperatiba hazten
Une honetan 51 bazkide ditu Hitzarrek eta kopurua gehitu egin nahi dute, beste 60 kW gehiago ekoitziko baitituzte San Joan auzoan, Lukusaingo behi ustiategi batean 60 kW ekoizteko instalazioa jartzeko baimena lortu baitute. «Orain bazkide kanpaina egingo dugu. Lehenengo Itsasondon kanpoan geratu zirenei emango diegu lehentasuna. Lukusainek ematen digu aukera Ordiziara sartzeko». Itsasondon bertan ekoitzitako energia 74 etxebizitzetan kontsumitzeko aukera izango da, beraz. Ostiral iluntzetan informazio mahaia jarriko dute Hitzarrekoek plazan, 18:30ean.
Goierrira hedatu
Kooperatiba bat sortzeak duen lana eta zailtasuna kontuan izan da, Itsasondotik Goierrira hedatu nahi dute Hitzar. «Ikusten ari gara ze lan ematen ari zaigun kooperatiba bat sortzea. Herri guztietan ezin da kooperatiba bat sortu. Herri batzuetan elkarteak sortzen ari dira, errazagoa delako. Eskualde mailako kooperatiba bat izan dadila. Elkarrekin hobeto arituko ginateke». Goiekirekin harremanetan jarri dira. «Goiekirekin bi aldiz bildu gara eta azaldu diegu gure ideia. Erantzunaren zain gaude».
Goierriko hainbat udalerrietan ere ari dira Itsasondoko proiektua partekatzen.