Uda iritsi da Bikuña kiroldegira
Aurten, igeriketa, padela, txiki zumba eta natur inguruneko kirol jarduerak eskaini ditu udarako. Larunbatean solariuma irekiko du, eta bi igerilekuen ordutegia moldatuko du.
Legazpiko Bikuña kiroldegiak larunbatean, hilak 15, emango dio hasiera udako kanpainari, solariumaren irekierarekin, eta irailaren 15era arte luzatuko du. Horrez gain, prestatu du dagoeneko udarako ikastaroen eskaintza, eta hilaren 20ra arte dago zabalik izena emateko epea. Aurten, igeriketa, padela, txiki zumba eta natur inguruneko kirol jarduerak eskaini ditu. Igeriketan izan ezik, jarduera guztiak 8 eta 14 urte bitartekoei zuzenduta daude. Igerian ikasteko aukera 3 eta 7 urte haurrei zabaldu die.
Izena emateko azken eguna hilaren 20 da, igandea, eta horretarako kiroldegira bertara joan, 943 73 12 43 telefonora deitu edo harrera@legazpiko-kiroldegia.info helbidera mezu bat bidali daiteke. Udalaren www.legazpi.eus/kirol-ataria webgunean ere eman daiteke izena.
Padela eta natur jarduerak bi txandatan emango dira, ekainaren 24tik uztailaren erara, eta uztailaren 8tik 19ra. Txiki zumba, berriz, uztailaren 1etik 30era bitartean emango da. Egunean ordu beteko saioak izango dira, baina natur jardueretan hiru ordukoak. Ordutegi bat baino gehiago dago aukeran hiru ikastaroetan. Prezioa 32 eurokoa da bazkideentzat, eta 38 euro bazkide ez direnentzat. Natur jardueren prezioa 95 eurokoa eta 125 eurokoa da.
Igeriketan aukera zabala
Igeriketa, berriz, 3 eta 7 urte bitarteko haurrentzat da, hain zuzen 2017ko urtarrilaren 1etik 2021eko uztailaren 1ean jaiotakoentzat. Uztailaren 1etik 30ea emango da, hainbat ordutegirekin, goizez eta arratsaldez. Hastapeneko saioak eta hobekuntzakoak izango dira.
Prezioa 62 eurokoa da bazkideentzat, eta 95 eurokoa bazkide ez direnentzat. Plaza mugatuak dira, eta eskaera gehiago izanez gero egingo litzatekeen zozketan, lehentasuna izango lukete kiroldegiko bazkideek.