Beteranoek eta gazteek indarrak neurtuko dituzte herri kirol desafioan
Larunbatean izango da, 18:00etatik aurrera, plazan. Xepeño Agirreren oroimenez antolatutako saioa izango da. Probintzia mailako bola eta toka txapelketa jokatuko dute igandean.
Otsailean zendu zen Xepeño Agirreren oroimenez, beteranoen eta gazteen arteko herri kirol desafioa egingo dute bihar Seguran. Iazko San Joan jaietan Idiazabal eta Segurako gazteen arteko lehia da biharkoaren aurrekari. Nora Insausti antolatzaile eta parte hartzaileetako batek esan duenez, «herritarrak oso gustura geratu ziren eta aurten beste bat antolatzera animatu gintuzten».
Agirre, batez ere, bola munduan bazen ere ezagun, herri kirolean ere utzi zuen bere aletxoa, «trontzan dakigun guztia berak irakatsitako da», dio Insaustik. Hortik, biharkoa berari eskaini nahi izatea. Desafioari 18:00etan emango diote hasiera, herriko plazan.
Elkarteetako ordezkaritza
Beteranoean taldea Elorri, Zopajale eta Txoritegi elkarteetako kideek osatuko dute eta gazteena, Segurako eta Zeraingo gazteek. Zortzi kide taldeko. «Garai batean, herriko elkarteen arteko herri kirol desafioak egiteko ohitura zegoen Seguran», azaldu du Insaustik, hortik, elkarteetara jotzeko ideia. Toka eta Bola tiraldiekin emango diote hasiera desafioari. Puntu gutxien ateratzen dituen taldea penalizatu egingo dute eta atzerapen batekin hasi beharko ditu ondorengo lanak.
Plazari korrika hiru buelta ematea izango da aurreneko lana —600 metro—, ingudearekin 50 altxaldi egin beharko dituzte gero; 65 kiloko harriarekin bost altxaldi; trontzan, bi xafla ebaki; txingekin 25 metroko lau plaza osatu —100 metro guztira— eta azkenik, oskolak jarri eta biltzea, 18 guztira. Amaitzeko, sokatira tiraldia egingo dute.
Gazteen taldea:
Ekaitz Izagirre
Ioritz Ibañez
Joanes Telleria
Haitz Iturrioz
Ekai Azurmendi
Eki Iturrioz
Eneko Ibañez
Nora Insausti
Beteranoen taldea:
Josu Etxezarreta
Joxe Etxezarreta
Aimar Balerdi
Eñaut Telleria
Egoitz Berasategi
Aritz Agirre
Arkaitz Sodupe
Josu Agirre
Bola eta toka txapelketa
Ez da larunbatekoa, asteburu honetan Seguran egingo den kirol saio bakarra izango, ordea; igandean, probintzia mailako toka eta bola txapelketa jokatuko baita bertan. Izen ematea 17:30etik 19:00etara egongo da irekita; «eguraldiak laguntzen badu Errebote plazako bolatokian jokatuko da txapelketa.
Euriarekin, Baratze pilotalekuan», argitu du Egoitz Berasategi antolatzaileak. Launa sari banatuko dituzte bolatan eta tokan, eta beste bi emakumeen mailan. Bolatan, 18 urtez azpikoentzat ere bi sari izango dira.