Garingo ur-saneamendu sarea hobetzeko prozesua abiatu dute
Aho batez onartu du udalbatzak Garingo berrikuntza. Sasietako lurretan egingo dute eguzki plaka parkea. Ura eta zabor eta kiroldegiko tasen inguruko diru-laguntzak ere onartu dira.
Beasaingo Garin auzoan hondakin-uren saneamendua bideratzeko proiektu-lanak hasteko lehen urratsa eman du udalak, ekaineko osoko bilkuran hala erabakita. EAJren udal gobernuak aspalditik esku artean zuen egitasmo hau, eta aho batez onartu zuen proposamena udalbatzak. «Garinen zegoen gabezi nagusi bati erantzuna emango zaio», udalaren esanetan.
Landa-auzo batean hondakin-uren saneamendu-sarea bideratzeko obrak egitea «beharrezkoa eta onuragarria da, eragina baitu ingurumenean, osasun publikoan eta garapen ekonomikoan» azaldu du udal gobernu taldeak. «Komunitatearen orainaldian eta etorkizunean egindako inbertsioa da, eta ingurune osasungarriagoa, seguruagoa eta jasangarriagoa bermatuko du guztientzat», borobildu du.
Gaur egun jasotzen ez diren landa-auzo honetako hondakin-uren saneamendu-sarea bideratzeko obrak egiteko proposamena «funtsezko neurria da guztion bizi-kalitatea hobetzeko, ingurumena babesteko eta komunitatearen garapen jasangarria sustatzeko». Ur-saneamendu-sistema egokirik ez izateak «lurzorua eta tokiko iturburuak kutsa ditzake, ibaiak, errekak eta lurpeko akuiferoak barne. Tratatu gabeko hondakin-urek ekosistemari kalte egiten diote eta giza osasuna arriskuan jartzen dute».
Eguzki plaken parkea
Bestalde, Beasainen, Sasieta Mankomunitatetaren lurretan eguzki plaka parkea egiteko pausoa eman du udalak. Errezkarate baserriaren inguruan kokatuko da. Eremu urbanizaezina denez, Plan Berezi baten beharra du. Azpiegitura ahalbidetuko duen Plan Bereziari behin betiko onespena eman zion udalbatzak aho batez.
Hurrengo pausoa, beasaindarren komunitate energetiko honen kooperatiba eratu, eguzki panelen parkea eraiki eta azpiegitura hau kudeatzeko lizitazioa martxan jartzea izango da.
Beste gai batzuk
Ekaineko udalbatzaren osoko bilkuran onartu ziren beste gai batzuk ere: diru-laguntzak emateko oinarriei dagokionez, 2024ko ura eta zabor tasen laguntzak emateko irizpideak aho batez onartu ziren.
Kiroldegiko tarifen inguruko laguntzen oinarriak ere onartu ziren. EH Bilduk aurka (5), PSE-EE (2) eta Podemos (1) abstentzioa, eta EAJ alde (9) bozkatu zuten.