Goilurrak Rallyaren lau erlojupeko Goierrin jokatuko dira, larunbat goizean
Azkoitian edukiko du aurten erdigunea rallyak, Lazkaoko ohikoaren ordez. Lau erlojupeko jokatuko dira, ordea, bihar Goierrin: bi Mandubian, eta Mutiloa-Zerain artean beste bi.
Goierrira bisitan etorriko da aurten VI. Goilurrak Rallya. Lazkaoko Ikullu Racing eta Azkoitiko Errebueltie eskuderiek antolatua denez, orain arteko Lazkaoko erdigunea utzi, eta Azkoitian izango ditu ostiralean eta larunbatean parke itxia, asistentzia-gunea, egiaztapen-egite eta sari-emate tokiak. Lazkaoko plaza, zapatu goizeko erlojupekoen ondorengo elkartze-gune soilik izango da (09:45 eta 12:55).
Gainerakoan, ohiko egitura izango du Goilurrakek, 8 zatirekin, eta urteroko parajeetan jokatuko da. Goierrin bi ibilbidetan lau erlojupeko jokatuko dira, larunbat goizean –normalean arratsaldean izan da eskualdean orain arte–. Matxinbentatik Salbatorera (10,7 km), Mandubiako mendatea igo eta jaitsiko dute horietatik bitan. Bihar 08:30ean abiatuko da lehen partaidea TC-1 lehen erlojupekoa jokatzeko; ondoren, 11:40an TC3 erlojupeko zatia hasiko da, leku berean.
Bestetik, Mandubiako zatiarekin txandatuta, rallyko zati luzeena, konplikatuena eta power stage sari berezirako izendapena daukan Mutiloa-Zerain zatiak kokatuko dituzte. 22,1 kilometro luzeko ibilbidea du. Mutiloako kaskotik abiatu, Lierni igo eta jaitsi, Gabiriako Ugaran bailara osoa igo Atagoitiraino, Legazpiko Motxorroko bidegurutzera jaitsi, handik Aztiriara igo, eta mendate guztia Zerainera jaitsita amaituko da.
Ibilbide horretan, TC2 zatia 09:05ean eta TC4 12:15ean hasiko dira, ondo bidean.
Errepideak itxita
Goiz guztian, errepideak itxita egongo dira, 07:00etatik 13:30era Matxinbenta-Salbatore (errepide nagusitik) eta 08:00etatik 14:00etara Mutiloa-Gabiria-Motxorro-Aztiria-Zerain zirkuitua. Antolakuntzak bizilagunei telefono zenbaki bat jarri die eskura, etxetik irteteko edo hara sartzeko une egokienak zein diren jakiteko dei dezaten. Larrialdi kasuetarako, anbulantziak jarriko dituzte ibilbideko zenbait tokitan, karrerako eta bestelako beharrei erantzuteko.
Goilurrak rallyan 60 talde daude izena emanda. Aurkezpena gaur arratsean egingo dute, Azkoitian. Ikullu Racing taldearen izenean 19 aterako dira, horietatik asko goierritarrak.
Arratsaldean, Urola Erdian beste lau zati jokatuko dituzte: Zestoatik Madariagara bi, eta Azkaratetik Elgoibarrera bi.
Ostirala, ekainak 14
- Azkoitian: Egiaztapenak (16:45-18:45) eta protokolozko irteera (20:30), Plaza Berrin.
Larunbata, ekainak 15, goizean Goierrin
- TC1 Euskorot: Matxinbenta-Salbatore, 08:30ean abiatuko da lehen partaidea.
- TC2 Desguaces Osinalde: Mutiloa-Zerain, 09:05.
- TC3 Euskorot: Matxinbenta-Salbatore, 11:40.
- TC4 Des.Osinalde: Mutiloa-Zerain ‘power stage’, 12:15
Larunbata, ekainak 16, arratsaldean
- TC5: Zestoa-Endoia-Azurki-Madariaga, 15:30.
- TC6: Azkarate-Elgoibar, 15:55.
- TC7: Zestoa-Madariaga, 17:55.
- TC8: Azkarate-Elgoibar, 18:20.
- Azkoitia. Sari banaketa, 19:00.