June Aiestaran Euskal Herriko eskolarteko bertso txapelketaren finalean ariko da larunbatean
Arantzako frontoian (Nafarroa) izango da, 17:00etan hasita. 11 bertsolari gaztek parte hartuko dute.
Lurraldez lurralde jokatutako eskolartekoetatik sailkatutako 11 bertsolari gazte ariko dira kantuan Euskal Herriko finalean, bihar, larunbata, Arantzako (Nafarroa) frontoiko oholtzan, 17:00etan hasita. Apirilean hasi eta orain arte egin dira Eskolartekoak Oinak buruan goiburupean. June Aiestaran beasaindarrak parte hartuko du finalean. Lasturren, apirilean jokatu zen Gipuzkoako finalean sailkatu ziren Joanes Azpillaga eta biak.
Beste bederatzi partaideak ondorengoak izango dira. Nafarroako eskolartekoa maiatz hasieran egin zen Iruñeko Laban, eta han, Kattin Madariagak eta Kattalin Lizarragak eskuratu zuten Arantzan kantatzeko txartela. Aramaion jokatutako finalean erabaki zen, Hegoi Amabizka eta Iraide Onaindia izango zirela Arabako bi ordezkariak.
Bizkaiko eta Gazte XILABAko finalak izan dira jokatzen azkenak. Maiatz bukaeran Arrigorriagan egin zen Bizkaiko Eskolarteko finala; Kelmene Abaitua eta Ekhi Zuluaga sailkatu ziren. Lapurdiko ordezkariak, Haira Aizpurua eta Unax Aizpurua izango dira, eta Baxenabarrekoa, berriz, Nahia Etxeberri.