Uda giroa falta da bakarrik
Ostiralean eta larunbatean irekiko dituzte kanpoko igerilekuak Goierriko herri gehientsuenetan. Osasun Sailak 2024 udako Bero Plana aktibatu du irailaren 30era arte.
Eguraldia nahasi samar dago. Badirudi, udak ez duela iritsi nahi. Gaur, tenperaturak gora egitea espero da, baina ostiralerako eta larunbaterako, berriz ere, txarrera egiten du iragarpenak. Igandetik aurrera, badirudi ostarteak zabalduko direla eta tenperaturak gora egingo duela. Eta beharra izango dute Goierriko igerilekuek, udako denboraldiari hasiera emateko. Izan ere, hurrengo egunetan zabalduko dituzte eskualdeko kanpoko igerileku guztiak. Lazkaon izan dira goiztiarrenak, pasa den asteburuan ekin baitzioten bainu denboraldiari. Eguraldiak ez du askorik lagundu ordea.
Bihar, Urretxuko Pagoetako igerilekua, Idiazabalgo Igarondo igerilekua eta Segurakoa irekiko dituzte. Larunbatean, berriz, Ormaiztegikoa, Beasaingo Antzizar kiroldegikoa, Ordiziako Majori kiroldegikoa, Olaberrikoa eta Legazpiko Bikuña kiroldegiko solariuma. Zegaman izango dira berantiarrenak. Ekainaren 21ean irekiko da bertan bainu denboraldia. Hiru hilabete iraungo ditu udako igerilekuen sasoiak; iraila erdialdean itxiko dituzte.
Urteroko moduan, eguneko txartela edo abonua erosi beharko da azpiegitura hauetan sartu eta erabili ahal izateko. Prezioen eta baldintzen inguruko xehetasun guztiak, kiroldegietako edo udal bakoitzeko webguneetan aurki daitezke.
Ur jolasak eta putzuak
Goierritar askok nahiago izaten dituzte beste aukera batzuk. Beasaingo Dolarea parkeko ur-jolasak, adibidez, pasa den ostiralean ireki zituzten. Horrela, udako denboraldiari hasiera emango zioten Beasainen. Ur-jolasak martxan izango dira honako ordutegiaren barruan: 09:00etatik 21:00etara. Eguraldiaren arabera, ohiko moduan, urria bitarte egongo dira martxan. Eremu honetan komun publiko berria kokatu du udalak. Lanak ia amaitzear daude eta aste bat barru espero da komuna erabilgarri egotea.
Horrez gain, Goierrin badira putzu naturalak ere: Arkaka, Olaldeko presa… Hauetan ez da soroslerik izaten, eta arreta zorroztu egin behar da. Halaber, gogoratu, urtegietan bainatzea debekatuta dagoela.
Bero plana
Osasun Sailak, Osasun Publikoko Zuzendaritzaren bitartez, 2024ko Bero Plana aurkeztu du. Irailaren 30era arte garatuko da, eta helburua da gehiegizko tenperaturak herritarren osasunean duen inpaktua prebenitzea eta murriztea urteko hilabete beroenetan, bereziki egoera ahulenean dauden kolektiboei dagokienez.
Aurreko urteetan bezala, Segurtasun Sailak aktiboki parte hartzen du planean, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren bitartez, eta beroak osasunean dituen ondorioei buruzko informazioa eta horiek prebenitzeko gomendioak jasotzen ditu, bai herritarrentzat, bai inplikatutako beste erakunde batzuentzat. Horretarako, funtsezko hiru elementutan oinarritzen da: tenperaturen iragarpena eta ebaluazioa; tenperatura altuek osasunean dituzten ondorioen zaintza epidemiologikoa; eta abisuak eta prebentzio-neurriak jakinarazteko sistema bat bero handieneko aldietan.
BERO PLANAK JASOTZEN DITUEN GOMENDIOAK:
- Arriskuko biztanleak
Kontu berezia: Adinekoak eta lau urtetik beherako haurrak, haurdunak eta bular-emaileak, gaixotasun kronikoak dituztenak, autonomia mugatua dutenak, eta aire zabalean lan egiten dutenak.
- Sintomak
Sintoma arinak: Buruko mina, nekea, zorabioak, goragalea eta sukarra.
Kasu larriak: Konbultsioak, portaera aldaketak, kontzientziaren alterazioa edo zorabioa.
Gomendioa: Berehala deitu 112 zenbakira.
- Prebentzio neurriak
Deshidratazioa saihestea: Edan maiz ura eta likidoak; saihestu kafeinadun edariak, alkoholdunak edo oso azukredunak; handitu entsaladen, barazkien eta fruten kontsumoa; eta saihestu janari koipetsuak.
Berotik babestea: Aire zabalean: Egunaren erdiko orduetan saihestu eguzkitan egotea; kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babesa erabili; erabili arropa arina; saihestu jarduera fisiko bizia; sintomak izatekotan eta denboraz luzatuz gero, osasun-langileengana jo.
Barnealdeetan: Gelak aireztatu eta freskatu tenperatura gutxieneko orduetan, eta itxita eduki leihoak eta pertsianak tenperatura altua denean; saihestu beroa sortzen duten makinak eta aparatuak; haizagailuak erabili; gorputza freskatu ur freskoarekin.
Pertsona ahulenak zaintzea: Arreta berezia haurtxoei eta adingabeei, haurdun daudenei, adinekoei eta gaixotasunak dituztenei; inoiz ez geratu aparkatuta edo itxita dagoen ibilgailu batean; bakarrik bizi diren adinekoak edo mendekotasuna dutenek, zailtasunak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko, beraz komeni da egunean behin bisitatzea, gutxienez.
- Erakundeak
Gomendioak: Toki administrazioak, adineko pertsonen egoitza eta zentroak, osasun zerbitzuak, lan eremua eta kirol proben antolamenduan hartu beharreko neurriak ere gehitzen ditu planak.