E-Rbi, atleten erritmo markatzaile laguna
Txindoki Atletismo taldeak ekainaren 22an egingo duen atletismo topaketan E-Rbi argi sistema izango dute lagun marka hobetu nahi duten korrikalariek. Xebas Telleria segurarrak sortu du Ordiziarako sistema.
Ekainaren 22an Ordiziako Altamira estadioan egingo duten atletismo topaketan, kirol arloaz haragoko berrikuntza bat izango da: E-Rbi, korrikalarien erritmoa markatzeko argi sistema. Xebas Telleria Elortza segurar ingeniari elektronikoak sortu du, Txindoki Atletismo taldearen eskariz. «Duela bizpahiru urte, Eneko Agirrezabalek esan zidan atletismo txapelketaren batean ikusi zuela eta ea posible izango ote zen Ordizian ere egitea. Argien bila hasi ginen baina ez genuen aurkitzen hori egiteko moduko argirik. Azkenean aurkitu ditugu argi egokiak».
«RGB led argiak dira. Gorria, urdina eta berdea dira eta horiekin nahi den kolorea sortzen da. Led tira antzeko zerbait da, 20 bat zentimetroka dago jarrita led bat. 1.538 led daude guztira eta horiekin kontrolatzen da. Kontrolgailu batzuk hartu eta besterik gabe, programa nahiko sinple batekin egin dugu», argitu du segurarrak. Egunean bertan instalatuko dituzte argiak. «Ezin dira finko mantendu, futbol eta errugbi partidak egoten direlako. Txindokikoek lan handia egin dute, rollo batzuetan jarri dituzte argiak, eta denbora gutxian muntatu eta desmuntatzeko aukera dago».
Erritmoa markatzeko
Kirolariei euren marka pertsonalak apurtzen laguntzea da E-Rbiren helburua. «Argiak piztu eta itzali egiten dira, erritmo konstante bat eramanez, pistaren buelta osoan. Karreristak esango du zein erritmotan joan nahi duen». Bi argi izango dituzte erreferentzia atletek eta ikusleek: «Munduko errekorra hori kolorekoa izango da, hiru ledek osatuta, argi txiki motz bat. Batez ere, izango da ikusleek ikusteko munduko azkarrenek zein erritmotan egiten duten». Beste erreferentzia, argi gorri eta txuriak emango du: «Proba egin ondoren, ondoen ikusten ziren koloreak zirelako. Gorriak segundo bateko luzera izango du eta txuriak beste segundo batekoa. Horrek esan nahi, segundo batean korrikalariak luzera hori egingo duela korrika. Kasu horretan argi luzea izango da, korrikalariek jarraitu beharko luketena denbora betetzeko».
«Argiak piztu eta itzali egiten dira, erritmo konstante bat eramanez, pistaren buelta osoan. Karreristak esango du zein erritmotan joan nahi duen»
Xebas Telleria. Ingeniari elektrikoa
Erbia, erritmoa markatzen joan den korrikalariari deitzen zaio atletismoan. «Kasu honetan, euskarazko izenarekin jokatu dugu: E-, zerbait elektronikoa denean, ingelesezko E- jartzen zaio. Elektronikoa dela jakiteko jarri dugu E-Rbi hori, hitz jokoa osatu dugu».
Interesa piztu du E-Rbik. «Aurreneko probak egin genituenean, Txindokikoek jarri zituzten euren Twitterreko kontuan eta interesa azaldu zuten berehala Galiziatik eta Andaluziatik. Interesa badago. Txindoki klubak erabakiko dute zer egin».
Hala ere, E-Rbi honen funtzio nagusia erritmoa markatzea bada ere, ikuskizuna areagotzeko argi efektuak sortzeko aukera ere ematen du, Gabonetako argiak izango ziren bezala. «Forma desberdinak egingo ditugu sari banaketan eta hasierako ekitaldian», aurreratu du Telleriak.