Itsasondoko ikasleek esku-hartze plana aurkeztu dute udaletxean
Aukeratutako esku-hartze plan nagusiak herritarren energia kontsumoarekin erlazionatutako ohiturak aztertzea eta herriko eguzki plaken azterketa burutzea izan dira.
Eskolako Agenda 2030eko bi ziklotako programari amaiera eman diote Itsasondoko Urkipe eskolakoek. “Iaz diagnostiko bat burutu zuten ikasleek eta horrekin batera, ondorio batzuetara iritsi ziren. Aurten, ondorio horietatik abiatuta, esku-hartze plan batzuk diseinatu eta gauzatu dituzte”, argitu dute.
Aukeratutako esku-hartze plan nagusiak herritarren energia kontsumoarekin erlazionatutako ohiturak aztertzea eta herriko eguzki plaken azterketa burutzea izan dira. “Ikasleak buru belarri aritu dira aurtengo esku-hartze hauek garatzen. Horretarako, herritarrei eta udalari galdetegi batzuk pasa eta jasotako informazioa aztertuz, grafiko batzuk egin eta herriko aldezkarian argitaratzeko pare bat artikulu idatzi dituzte”.
Gaur goizean, ikasleak udal ordezkariekin bildu dira udaletxean ikasturteko lanketa honen berri emateko.