Kolorearen magiari eskainitako liburua argitaratu du Libe Anduezak
Ekainean ikusi du argia Legazpiko ilustratzailearen 'La magia del color' lanak. El Drac argitaletxearekin kaleratu du.
Libe Andueza ilustratzaileak (Legazpi, 1972) kolorearen magiari eskainitako liburua kaleratu berri du El Drac argitaletxearekin. La magia del color du izena lanak.
Lan honetan “kolorea nola ikusten den eta zergatik ikusten den horrela” azaltzen du Anduezak. Bi alderdi dituela azaldu du ilustratzaileak: “Batetik, alderdi teknikoa dago, eta kolorearen oinarrizko kontzeptu batzuk, argiarekin duen harremana edo koloreen sailkapena azaltzen dut. Bestetik, alderdi praktikoa dago, eta hor, kolore paleta bat nola sortu, konbinazioak nola egin eta horrelako gauzak azaltzen ditut, eta hori ilustrazioekin lagundu dut, ondo ikusteko azaldu nahi dudana. Oso praktikoa da”.
Koloreari buruzko liburua idazteko ideia aspalditik zuen, praktikotasunari begira, eta azkenean idatzi eta argitaratu ere egin du. “Argitaletxe bat baino gehiagora bidali nuen, eta azkenik El Drac etxeak baiezkoa eman zidan. Ekainarekin batera kaleratu da”. Kaleratu, eta Madrilgo Liburu Azokan jarri dute salgai. Andueza Madrilen izan da egun hauetan, eta feriara joan El Drac-en kasetatik igaro da, liburuarekin argazki bat ateratzeko.
Praktikotasun hori kontuan hartuta, liburua edonorentzat dela zehaztu du legazpiarrak. “Diseinuarekin, margoekin edo ilustrazioekin lan egiten dutenentzat egokia izan daiteke, baina baita pertsona arruntentzat ere, arropa konbinatzeko ideiak izateko, adibidez”.
La magia del color Legazpin bertan erosi daiteke, Apatxon. Edozein liburu dendatan ere erosi daiteke, eskatuta. Gainera, interneteko ohiko liburu salmenta plataformetan ere salgai dago.