Topaleku Legazpi erakusketa inauguratuko dute gaur arratsaldean
Txillida Lantokiko areto berri batean egongo da ikusgai datozen asteetan, herriko eta inguruko elkarte eta ikasleen lanez osatuta.
Lenbur Fundazioa Legazpiko Udalarekin batera garatzen ari den Txillida 100 urte programaren hurrengo hitzordua gaur arratsaldean izango da, Txillida Lantokian. Bertan, 19:00etan, Topaleku Legazpi erakusketa inauguratuko dute. Datozen hiru asteburuetan egongo da ikusgai, ostiraletan 17:00etatik 19:00etara, larunbatetan 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara eta igandeetan 11:30etik 13:30era.
Erakusketak artelanak ditu oinarri, eta 600 lagunen eta hamahiru elkarteren partaidetza izan du, beti ere, Txillida eskultorea ardatz hartuta. Artelanak diziplina askotakoak dira, eta Topalekura bildu diren artistek era askotako materiala erabili dute, izan papera, izan buztina, izan argazkia edo izan margoa.
Partaideen artean Legazpiko Garagunea, Jaiotza taldea, Santikutz egoitza, Ikatza argazkilari elkartea, Meazti Etxea, Xalinko zeramika eta Txirbil egur taila elkartea daude, Legazpi eta Zumarraga-Urretxuko ikastetxe gehienekin batera. Artelan asko sortu dituzte, batzuetan belaunaldien artean landuta, baina guztientzako lekurik ez dago Txillida Lantokian erakusketa honetarako propio sortu duten gunean, eta zozketa bidez aukeratu dituzte ikusgai dauden lanak.